BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 2.069.400 euroko aurrekontua bideratuko du, gehi BEZa, Bizkaibuseko flota handitzeko. Guztira sei autobus hibrido erosiko ditu Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak, Txorierriko lineetan berehala martxan jarriko direnak. Gaur goizean, apirilak 13, ibilgailu berrien aurkezpena egin da Mungian.

Ibilgailu guztiak Magnus Híbrido modelokoak dira, 12 metroko Low Entry II klasekoak, Scaniak eginak, merkatuko hibrido indartsuena eta trakzio elektriko handiena duena. Teknologia hibrido aurreratuena duen eredua da, 320 CV-ko diesel motorrarekin eta 177 CV-ko motor elektrikoarekin. Segurtasun-, irisgarritasun- eta iraunkortasun-arloko prestazio handiak izateagatik nabarmentzen da; horren ondorioz erregai asko aurrezten da, eta, beraz, baita isurketak ere, eta ibilgailuaren ibilbideetan asko da modu elektrikoan burutzen duen zirkulazioa.

41 bidaiari eserita eramateko kapazitatea dute eta gurpil-aulkientzako edo haurrentzako orgatxoak eramateko 2 espazio dituzte, dagozkien ainguraketekin, eta 2 eserleku erreserbatuta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.

Pisu baxukoak izateaz gain, hau da, mailarik gabe igo edo jaitsi daiteke autobusetik, bi arrapala dituzte erdiko atean, bata automatikoa eta bestea eskuzkoa, automatikoki eragin daitezkeenak gidari-postutik edo, beharrezkoa bada, eskuz, mugikortasun urriko pertsonen sarbidea bermatzeko.

"Garraio publiko iraunkorrago eta ingurumenarekiko errespetuzkoago batean aurrera egiteko norabide horretan irtenbideak ekarriko dituzten teknologia eta ibilgailuak behar ditugu, baina baita Bizkaibus zerbitzuaren egungo kalitatea bermatuko dutenak ere", azpimarratu du Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak.

"Gaur aurkezten ditugun autobusek sailak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituzte: teknologia hibrido aurreratuena ematen dute, gas kutsagarrien emisioak murrizteko eta erregai-aurrezpena lortzeko, eta erantzun ona bermatzen dute Bizkaibuseko hiriarteko flotak izan behar dituen ibilbide luzeen eta zailtasun teknikoen aurrean. Hiriko zein metropoliko edozein garraio-behar estaltzeko ibilgailu aldakorra eta malgua".

Aurkezpen ekitaldian, Garraioen arloko arduradun bizkaitarraz gain, Vidal Martinez Bartolomé, Garraioen zuzendaria, Ager Izaguirre, Mungiako alkatea eta Scania Ibérica, Scasaga eta Castrosua enpresetako arduradunak izan dira.

39 HIBRIDO 2021AREN AMAIERAKO

Aurreikuspenen arabera 2021ean zehar, 12 metroko eta II. motako beste 5 ibilgailu hibrido sartuko dira Bizkaibusen lineetan. Horrek esan nahi du, gaur egun zerbitzuan dauden 28 ibilgailuei gehituta, urte amaierarako Bizkaibusek ezaugarri horiek dituzten 39 ibilgailu izango dituela zerbitzuan, flotaren %11,54. "Ahalegin handia da, kontuan hartuta errepide bidezko hiriarteko garraio-zerbitzuaz ari garela, eta Bizkaibusek kalitatezko garraio publikoaren aldeko etengabeko konpromisoa erakusten duela, emisio kutsatzailerik gabe".

Gomez Viarrek iragarri duenez, "covid-19aren ondorioz egoera zaila bizi dugun arren, gaur egun 2022rako bi ibilgailu elektrikoren lizitazioan ere ari gara lanean" eta, aldi berean, gogorarazi du bere sailak probak hasi zituela iaz bi autobus elektrikorekin, teknologia hori Bizkaibus zerbitzuaren ezaugarrietara nola egokitzen zen "aztertzeko" helburuarekin.