BILBO. Astearte honetan, martxoak 23, koronabirusaren pandemiarekin lotutako aparte neurri gehigarriei eta jarduera ekonomikoari berrekiteko laguntzari buruzko Foru Dekretu Arauemaile berri bat onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Astearte honetan onartutakoek zabaldu egiten dute covid-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoak sektore ekonomiko ahulenengan, besteak beste langile autonomoak, mikroenpresak eta ETEak, dituen ondorioak arintzeko 2020ko martxotik aurrera hartutako zerga-neurrien zerrenda.

JARDUERA EKONOMIKOEI BERREKITEKO KENKARIA

Osasun-agintariek hartutako neurrien ondorioz jarduera ekonomikoa eten edo larriki kaltetu zaien zergadunek %15eko kenkaria aplikatu ahal izango dute 2021ean jarduera ekonomikoari berrekiteko edo lehengoratzeko edo pandemiaren ondoriozko baldintzetara egokitzeko egindako gastu eta inbertsioen kuotan.

Neurri hori ostalaritzari eta jatetxeei, txikizkako merkataritzari, turismoari eta kultura- eta arte-ekitaldi eta -jarduerei aplikatuko zaie bereziki. Beste gastu eta inbertsio kengarri batzuen artean, merkaturatzeko kanal alternatiboak inplementatzeko egindakoak daude, hala nola online plataformak edo zerbitzuak ematekoak, edo etxez etxeko zerbitzuak. Halaber, multzo horretan sar daitezke edukiera mugatuak errespetatzeko, erreserbak kudeatzeko edo prebentzio-neurriak bermatzeko instalazioen egokitzapenak ere.

Kalte edo galera nabarmenak jaso dituen jarduera ekonomikotzat hartzen da 2020an gutxienez 2019an baino %25 txikiagoa izan den eragiketa-bolumena duena edo 2020an 2019an baino gutxienez %50 txikiagoa izan den etekin garbia duena.

Kenkari hori PFEZ, SZ eta EEEZ zergetan aplikatzekoa da, eta bateraezina izango da Batuz-era egokitzeko ezarritakoarekin eta Bizkaia Aurrera! Planaren esparruan txikizkako merkataritza digitalizatzeko planaren kenkariarekin.

PFEZren ZATIKAKO ORDAINKETEN SALBUESPENA

Langile autonomoek ez dituzte ordaindu beharko 2021eko lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkien PFEZaren ordainketa zatikatuak, hau da, printzipioz apirilean eta uztailean egin beharko liratekeenak. Neurri horrek ordainketa zatikatu hori ordaindu behar duten banakako enpresaburuen eta profesionalen likidezia errazten du, zenbateko hori eskura izango dutelako 2021eko ekitaldiko PFEZa likidatu arte, 2022ko udaberrian.

JARDUERA DUTEN LOKALEN ALOKAIRUA MURRIZTEKO KENKARIA

Kenkariak ezartzen dira jarduera ekonomikoko edozein sektoretara bideratutako higiezin bat errentan ematen duten pertsona fisiko edo juridikoentzat, baldin eta 2020ko martxoaren 14tik aurrera alokairu-prezioa jaistea erabaki badute eta, betiere, 2021ean zehar gutxienez hiru hilabetez mantentzen badute. Alokairuaren beherapenaren zenbatekoa zerga aldetik kengarria den gastutzat hartzen da, bai PFEZn, bai Sozietateen gaineko Zergan, bai Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan. Tratamendu hori, PFEZren zergadunen kasuan,% 15eko kuota-kenkariarekin osatzen da, kontzeptu horren ondoriozko diru-sarrerek alokairu-beherapen osoa xurgatu ezin duten errentatzaileen kasuan.

Neurri honen helburua da errentatzaileak sustatzea, covid-19aren pandemiaren ondorioz jarduera ekonomikoa kaltetua izan duten profesionalek edo enpresek ordaintzen dituzten alokairuak jaits ditzaten.

JOKOAREN GAINEKO ZERGAREN EGUNEKO HAINBANAKETA

Urteko kuota finkoa egun naturalen arabera hainbanatuko da, alta, baja, etetea, baliogabetzea edo azkentzea 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitartean gertatu den kasuetarako, denbora-eremua Covid-19aren eraginei aurre egiteko jokoaren sektoreko neurrien jarraitutasuna arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 16ko Dekretuaren indarraldiarekin lotuz.