Aspaldian jarri zen martxan, lehenengoz. Baina hainbat ekimenetan gertatzen den moduan, desagerpenerako bidea hartu zuen orain dela zenbait urte. Baina lekeitiarrek azaldutako gogoak bere berreskurapenean eragin zuen, iazko otsailean. Eta ordutik gaur eguneraino, udalerriko Denboraren Bankuak arrakasta izan du, 25 partehartzailera helduz. Zerbitzuak, ezagutzak eta jarduerak elkartruka-tzea ahalbidetzen duen sistema da, "denbora delarik trukatzen dena". Pandemiak eta osasun-egoerak zaildu du egitasmoaren bidea, baina bere arduradunek argi eta garbi diote: "jendeak gogoa erakusten duen heinean aurrera egingo dugu". Izan ere, tresna eraginkorra da, ez bakarrik trukeak eragiteko, baizik eta herritarren arteko erlazioetan sakontzeko ere.
"Oso talde heterogeneoa da", diote bere arduradunek. "Denetariko zerbitzuak eta jarduerak eskaintzen dira. Paseoetan laguntzea, adineko jendeari konpainia egitea, sukaldeko kontuak... eta parte hartzaileak pozik agertzen dira egiten dutenarekin. Ordu bat ematen diote beste pertsonaren bati, ordu horretan edozein zerbitzu edo jarduera eskainita, eta trukean beste norbaiten ordu bat jasotzen dute". Funtzionamendua "oso erreza" da. Berreskuratu zenetik, 2020eko otsailean, Denboraren Bankua pixkanaka haziz joan da, nahiz eta koronabirusa dela eta itxialdia-aroa ez den batere mesedegarri izan. "Egia da ez duela lagundu. Hilero egiten ditugu irteerak edo ekimen desberdinak -ibilbideak, kontserbak egiteko tailerrak-, etabar- Denboraren Bankua direnen norbaitek antolatzen dituenak. Eta horiek ezin izan ditugu egin", diotenez. Baina berriz dira martxan, eta gogo handiz. "Jendea gogotsu ari da, eta bagoz gero eta gehiago izaten".
2020an berreskuratu baino arinago, "bazen saltsa herrian 2019an zehar, bazegoen horrelako zerbait egiteko gogoa. Askok galdetzen zuten zergaitik ez genuen Denboraren Bankua berraktibatzen, mesedegarri zelako hain batentzat". Orduantxe jarri zen martxan Lekeitio Lagunkoia programa, adibidez. Eta olatu horren ostean beste bat heldu zen. Udalaren laguntza ere jaso dute, taldea osatzerako orduan. Bada, etorkizun oparoa dute. "Ikusi beharko dugu osasun-egoerak norantza jotzen duen, baina egia bada etorkizunean taldea sendotzea dugula helburu". Gaur bertatuk hasita. Edo datorren asterako martitzenerako antolatu duten crochet tailer batekin.
Eskaintzen diren zerbitzuak anitzak dira, diotenez. Prakak konpon-tzea, informatikan laguntzea edota klase partikularrak ematea, besteak beste. Eta ateak edonorentzako zabaldik dira. Azaltzen dutenez, "gogoa izatea baino ez da behar". Ostean, eta izena emanda -Udalean galde liteke 94 603 41 00 telefono zenbakira deitu edo agurtzane-ongintza@lekeitio.eus, edota 648 51 17 41 telefono zenbakian- Time Overflow delako programa erabilita hasi daiteke Lekeitioko Denboraren Bankuan, aldez aurretik emandako profila erabilita.
Egitasmoa
Herritarrak
Erlazionatzen. Zerbitzu edo jarduerak elkarbanatzeko sistema da Lekeitioko Denboraren Bankua, baina badu beste jomuga bat: herritarren arteko erlazioak indartzea.
Bakarra
Eskualdean. Badira zenbait denboraren banku Bizkaian zehar, Durangon edo Barakaldon, adibidez. Baina Lekeitiokoa bakarra da Lea-Artibain eta Busturialdean.