BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 'Udalekuak 2021' programari hasiera eman dio gaur goizean egindako aurkezpenean. Datorren ostegunean, martxoak 18, programan parte hartzeko izena emateko epea irekiko da. Aurten uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo dira udalekuak, 7 eguneko txandetan, hiru lurraldeetako eta Nafarroako 16 instalaziotan.

Programa horren xehetasunak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek koordinatutako programaren aurkezpenean eman dira ezagutzera. Prentsaurrekoan, Lorea Bilbao, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Ana del Val, Arabako Kultura eta Kirol foru diputatua eta Harkaitz Millán Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol foru Diputatua egon dira.

Udalekuaken Bizkaiko edizio honetan 822 plaza eskainiko dira eta adin tarte eta hizkuntza eredu ezberdinetan banatuko dira:

  • 2013-2014an jaiotakoak (7-8 urte): 136 euskaraz.
  • 2010-2012an jaiotakoak (9-11 urte): 406 (366 euskarazkoak eta 40 elebidunak).
  • 2008-2009an jaiotakoak (12-13 urte): 280 plaza (252 euskarazkoak eta 28 elebidunak).

Udalekuak 2021 hiru lurraldeetako eta Nafarroako 16 instalaziotan garatuko da:

Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta (La Arboleda), Meakaur eta Bertizko instalazioetan. Beste alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Igantzi eta zehazteko dagoen beste instalazio batean; eta Arabako Foru Aldundiarenak Barria, Zuhatza, Bernedo eta Espejon izango dira. Jarduera horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako umeek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, eta parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.

Haurrek naturarekin kontaktuan egiten diren kirol- eta kultura-jarduerez gozatu ahal izango dute, besteak beste: txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, jolasak Laser Tag-ekin, segway-a, mendiko bizikletako jaitsierak, arrauna, piragua, kanoien jaitsiera, pedaloia, optimista, wind surfa, golfa, disc golfa edo pilota, multikirola, herri kirolak (trontza, artaburu-bilketa, zakulariak, txingak, sokatira), ferrata bideak, baratze-jarduerak, animaliekin egiten diren jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak. Halaber, inguruko geologia, landaretza eta fauna ezagutzeko jarduerak egingo dira.

`Ingurumen-Udalekua´ esperientzia ere bizi ahal izango dute, ingurumenarekiko ezagutzan, errespetuan eta zaintzan kontzientziatzeko jarduerak garatuz.

'Udalekuak 2021 'programa unean uneko covid-19aren egoeraren arabera aldatu ahal izango da eta osasun agintarien aginduen mende egongo da.

Eskaintzen diren txandak:

Udalekuak 2021 udako kanpaina uztailaren 1etik 29ra egingo da, 7 eguneko txandetan, aipatutako instalazio guztietan.

eguneko txanden datak honako hauek izango dira:

  • 1. txanda: uztailaren 1etik 7ra.
  • 2. txanda: uztailaren 8tik 14ra.
  • 3. txanda: uztailaren 16tik 22ra.
  • 4. txanda: uztailaren 23tik 29ra.

KUOTAK

Udalekuak udako kanpainako txandetan aplikatu beharreko prezio publikoak hiru foru-aldundiek adosten dituzte.

Kanpamenduen prezio orokorra, 7 eguneko txandetan, 130 eurokoa da.

Kuota horren barruan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, merienda, afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu asegurua eta joan-etorriko garraioa Bilbotik.

Familia ugariek %30eko hobaria izango dute (91 euro ordainduko dituzte), eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familia-unitateek %85eko hobaria izango dute (19,50 euro ordainduko dituzte).

DESGAITASUNA ETA/EDO MENDETASUNA

Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen plazen %5 gutxienez % 33ko desgaitasuna eta/edo ofizialki onartutako mendekotasun-maila duten adingabeentzat dira.

Hala 2021. urte honetan, desgaitasunen bat edo mendekotasunen bat duten 41 haurrek beren egoera pertsonalera hobekien egokitzen diren instalazioetara eta txandetara jo ahal izango dute.

Kolektibo hori behar bezala artatzeko, instalazioetako monitore-taldeak laguntza-monitoreek eta monitore espezifikoek sendotzen dituzte, aurreikusitako jardueretan integratu ahal izateko.

INSKRIPZIOA ETA EPEAK

'Udalekuak 2021 'kanpainarako izena emateko bide bakarra Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa da. Horretarako interesa duten familiek, izena eman aurretik, identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan beharko dute, hala Izenpek emandakoa (B@k eta B@kQ), NAN elektronikoa nola beste edozein ziurtagiri digital.

Eskaerak martxoaren 18tik 30ra bitartean 13:30ak arte aurkeztu ahal izango dira (martxoaren 27 eta 28an izan ezik). Aldundiaren webgunean izena ematen laguntzeko zerbitzua egongo den toki eta ordutegiei buruzko informazioa eskainiko da; halaber, inskripzioari buruzko informazioa emango duten Bizkaiko Lurralde Historikoko foru-, udal- edo eskualde-bulegoak adieraziko dira, kanpainaren liburuxkan jasota daudenak eta webgunean bertan argitaratuko direnak.

ZOZKETA

Apirilaren 27an, 10:00etan, aurkeztutako eskabideen zozketa publikoa egingo da notario aurrean.

Zozketa horretan ondoren plazak esleituko diren hurrenkera ezarriko da, baita plazarik lortu ez duten eskabideak itxaron-zerrendan geratuko diren hurrenkera ere.