BILBO. Igande honoetan gauean hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Kukularreko bi errei berri sortzeko beheko pasabidea induskatzeko lanak.

Azpiko pasabide horrek bi zirkulazio-errei izango ditu, eta La Avanzada Txorierriko korridorearekin lotzen duen adarraren azpitik igaroko da. Adar horretatik egunero batez beste 23.424 ibilgailu igarotzen dira eta erabat egongo da operatibo indusketak irauten duen bitartean, obrak ez baitu zirkulazioan eraginik izango. Beharrezkoa izanez gero gaueko ordutegian izango dira eragin bakarrak, etxeratze-aginduaren ondorioz trafikoa nabarmen murrizten denean.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, obretara egindako bisitan adierazi duenez, lan hauek zehaztasun handia behar dute eta konplexutasun handiena, hain zuzen ere, errepide baten azpian egitea da, trafikoari kapazitatea kendu gabe eta erabiltzaileei eragozpenik sortu gabe. Gogorarazi duenez, Kukularrako bigarren faseko lanak 2019ko urrian hasi ziren eta uneoro zirkulaziorako erreien kopurua murriztu gabe ari dira egiten.

Pradalesek mikrokirurgiatzat jo du jarduketa hau, erabiltzaileek ia nabaritu ere egin gabe 15 metroko zabalera, 6,5 metroko altuera eta 25 metroko luzera duen tunel bat zulatu behar delako errepide baten azpian. Indusketa lanak hasi aurretik gaur gauean zirkulazioko galtzada pixka bat ezkerrerantz mugituko da La Avanzada-Txorierri adarrean. Egoera horrek ez ditu zirkulazio-baldintzak aldatuko, eta tunelaren zulatu eta eraikitzen den bitartean mantenduko da.

TXIRIKORDATZEAREN SOLUZIOA TXORIERRIN

Bizkaiko errepide-lotune nagusia da Kukularra eta, behin eta berriz, oso zirkulazio-intentsitate handia jasaten du; horrek pilaketa-arazoak sortzen ditu. Lan hauek eta inguruan egiten ari diren beste batzuk arazo horiek minimizatzea etaerabiltzaileen segurtasuna indartzea dute helburu.

Zehatzago esanda, azpiko pasabidea eginda ezabatu egingo da La Anvanzadatik datozen ibilgailuak eta Arrontegitik iristen direnak Txorierriko korridorean biltzen direnean gertatzen den txirikordatzea. Puntu horretan, hiru erreirekin, puntako orduetan batez beste 5.051 ibilgailu elkartzen dira orduro; 1,4 ibilgailu segundoko. Azpiko pasabidea sortzean, Arrontegitik datozen ibilgailuak Txorierriko Korridorean eskuinetik sartuko dira Arrontegira desbideratuko badira, eta ezkerretik, aurrera egingo badute. Erdiko erreietatik sartuko dira la Avanzadatik iristen diren ibilgailuak. Horrela, ibilgailuak txirikordatzea saihesten da.

Txirikordatze horrek, gaur egun, balaztadak eragiten ditu, eta horrek segurtasun- eta pilaketa-arazoa sortzen du; izan ere, Arrontegitik eta La Avanzadatik datozen ibilgailuen martxa moteltzen du, batez ere puntako orduetan.

ZIRKULAZIOAREN LAUGARREN MAILA

Kukularrako lotunean hiru zirkulazio maila daude gaur egun. 0 maila La Avanzada, Txorierriko Korridorea eta Arrontegirantz BI-631 errepidearen kota da; 1. maila, berriz, La Avanzada Txorierriko korridorearekin lotzen duen adarrarena da zirkulazioaren noranzko honetan; eta 2. maila, berriz, Txorierriko korridorea eta BI-631 errepidea Arrontegirantz lotzen dituen adarrarena.

Hiru maila horiei -1 maila gehituko zaie, eta horren bidez zirkulazioa bideratuko da Arrontegitik Txorierriko korridorerantz.

KUKULARREKO BIRMOLDAKETAREN BIGARREN FASEA

Kukularrako lotunea birmoldatzeko lanak 2019ko urrian hasi ziren. Azpiko pasabidea egiteaz gain, la Avanzada-Txorierri mugimenduak zeharkatzen duen adarra errei batean zabaltzea ere aurreikusten da. Hasieran 21 hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten bazen ere, ziurrenik areagotu egingo da, Covid-19aren pandemiaren ondorioz lanak moteldu egin direlako eta azaroan eta abenduan euri asko egin duelako eta eurite horien ondorioz hondeaketa-lanak atzeratu egin behar izan direlako.

Bizkaiko Foru Aldundiak 11 milioi euro inbertitzen ditu obra honetan, eta horri inguruan Arrontegiko zubiaren alternatiba faltak eragindako arazoak arintzeko egiten ari diren beste jarduketa batzuk gehitu behar zaizkio. Lan horien artean, Kukularrako lehen fasea (5,1 milioi euroko inbertsioa) eta La Avanzadan Artatzako birmoldaketa (1,1 milioi euro) gauzatu dira. Gaur egun Plaiabarri birmoldatzeko lanak egiten ari dira (2,6 milioi euro), la Avanzada eta Txorierriko korridorea Arrontegirantz elkartzen diren lekuan, eta Bilborantz la Avanzada birmoldatzeko obren bigarren fasea (2,7 milioi euro) Leioan.

Bitartean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko proiektuan aurrera egiten jarraitzen du. Gaur egun ingeniaritza lanak egiten ari dira, eta aurreikusita dago lanak 2024an hastea. Tunela 2028an jarriko da zerbitzuan, eta Hegoaldeko Saihesbidearekin batera Bizkaiko metropoliko saihesbide handia osatuko du.