BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak aurtengo errenta kanpainari buruzko berritasun garrantzitsu bat iragarri du. Alde batetik, Foru Ogasunak errenta aitorpena egingo die bizkaitar guztiei, eta bestetik, 2020ko kanpaina hau apirilaren 6an hasi eta ekainaren 30ean amaituko da.

oru erakundea arduratuko da aitorpena egiteaz eta zergadun bakoitzaren eskura jartzeaz, egiaztatu eta aurkeztu baino ez dezan egin.

Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu duenez eredu berri honek Bizkaiko zergadunei PFEZaren aitorpena aurkezteko duten betebeharra betetzen lagundu nahi die. Era berean, eredu berriak zergadun guztien tratamendua parekatzen duela nabarmendu du; izan ere orain arte erdiek baino gehixeagok jada prestatutako proposamena jasotzen zuten, baina gainerakoek laguntza-programarekin egin behar zuten, edo erakunde laguntzaile batera joan.

ERRENTA-GUTUNAK, APIRILAREN 6TIK AURRERA

Iñaki Alonsok, Ogasuneko zuzendariak, azaldu duenez, apirilaren 6tik, kanpainaren lehen egunetik, zergadunek aitorpen proposamena kontsultatu ahal izango dute webgune honetan edo "Renta Bizkaia Errenta" telefono mugikorretarako aplikazioan. Bide horietako edozeinetan kontsultatzeko, konfidentzialtasun- eta segurtasun-arrazoiengatik, identifikazio digitaleko bitarteko batekin identifikatu beharko da. Horrelakorik ez dutenek bak gako bat aktibatu ahal izango dute, Ogasunak zergadun guztiei apirilaren 6tik aurrera eta apirilean zehar bidaliko dizkien gutunetan igorriko duen kodearekin.

Gutun horietan Ogasunak zergadunari aitorpen-proposamenaren emaitza jakinaraziko dio. Gutuna errazago ulertzeko, informazio pertsonalizatua ere emango du, aurreko urteetako errenta-gutunarekiko irakurketa erraztuz.

Bidalketa berean zergadun bakoitzak ordezkaritza-gako bat ere jasoko du -aurreko urteetan bezala-, beste pertsona batek izapideak bere izenean egin ahal izan ditzan, bai eta bak gakoa aktibatzeko kode hori ere, identifikazio digitalerako bitartekorik ez badu.

Proposamena itzultzekoa bada (zergadunaren aldekoa), eta zergadunak ekainaren 11 baino lehen aurkezten ez badu, Ogasunak dagokion zenbatekoa itzuliko dio erreferentziako banku-kontuan.

Proposamena ingresatu beharrekoa bada (ogasunaren aldekoa), zergadunak aurkeztu egin beharko du, aurreko Rentaetxean ereduarekin gertatzen zen bezala. Ekainaren 30era arteko epea izango du eta webgunean, app-ean edo telefonoz egin ahal izango du. Eredu berriarekin, hiru bide horiek erabili ahal izango dira errentaren edozein izapide egiteko eta, beraz, inork ez du bulego batera joan beharko.

ALDUNDIAREN WEBGUNEAN

Martxoaren 2tik aurrera webgune honetan errenta-kanpainari buruzko informazio guztia eskaintzen du, eta apirilaren 6an, kanpainaren lehen egunean, Ogasunak egindako aitorpenaren zirriborroa eskuratu ahal izango da. Webgunean aitorpenaren edukia eta aukerak argi eta garbi aurkezten dira; izan ere, diseinu errazarekin eta hizkuntza argiarekin egin da, zergadunek uneoro uler dezaten zer izapide egin behar dituzten euren proposamena kontsultatzeko, daturen bat osatzeko, beharrezkoa bada, eta aitorpena aurkezteko.

Aitorpen-proposamenean jasotako datuak zuzenak direla egiaztatu ondoren, zergadunak aitorpena aurkeztu baino ez du egin beharko. Emaitza itzultzekoa bada, Ogasunak gehienez zazpi eguneko epean sartuko du dirua bere kontuan. Ordaindu egin behar bada, uztailaren 6ra arte atzeratuko da kobrantza, eta zatikako ordainketa egitea erabakitzen badu, azaroaren 10ean egingo da bigarren ordainketa.

RENTA BIZKAIA ERRENTA APP-A

Errentako telefono mugikorretarako aplikazioa da errenta-kanpaina honen beste berrikuntzetako bat, eta edozein smartphonetatik kontsultatu eta aurkeztu ahal izango da aitorpen-proposamena. Era berean, Errenta Bizkaia Errenta app-ak hainbat erabilera eskaintzen ditu, hala nola aitorpenari dokumentazioa eransteko aukera, telefonoarekin argazki bat eginez.

Aplikazioa iOS zein Android sistema eragileetan deskargatu ahal izango da.

94.608.3000

Aurreko ereduarekin bezala, errenta-telefonoa izango da zergadunarentzako laguntza-bide nagusia; Erenta19 kanpainan arreta guztien %90 telefonoz egin zen, % 7 webgunean eta %3 bulegoetan. Aurten, gainera, Foru Ogasunak indartu egingo du zerbitzu hori, 290 pertsonak eta izapide errazetarako sistema automatiko batek artatuko baitute, 110 dei aldi berean kudeatzeko gai izango dena. Horrela, 94.608.3000 telefono zenbakian 400 dei erantzun ahal izango dira aldi berean, egunean 10.000 deiko edukierara iritsiz.

Zergadunak izapideak telefonoz egiteko zailtasunak baditu, errentako telefono-zerbitzua ematen duten langileek hitzordu presentziala eskainiko diote gehien komeni zaion Foru Ogasuneko bulegoan.

HOBEKUNTZAK AURREKO SISTEMAREKIN ALDERATUTA

Pertsona guztiek aitorpen-proposamen bat izango dute, lehen zerbitzu hori zergadunen %55era baino iristen ez zenean. Iaz 200.000 pertsonak aitorpena eurek egin behar izan zuten laguntza-programa informatikoa erabiliz, eta beste 63.000 pertsonak banketxe batera joan behar izan zuten aitorpena egitera. Egungo ereduarekin, pertsona horiek guztiek aitorpena egina izango dute.

Bizkaia izango da langile autonomo guztiei PFEZaren aitorpena egingo dien lehen zerga-administrazioa. 70.000 pertsona inguruko talde zabala da eta, horien kasuan ere, Ogasunak BEZ aitorpenak egingo dizkie Batuz ezarrita.

Errenta-aitorpena aurkeztera behartuta ez dauden pertsonek ere aitorpen-zirriborroaren emaitza jasoko dute. Horrela, aitorpen hori euren aldekoa bada, aurkeztu eta itzulketa jaso ahal izango dute. Emaitza ingresatzea bada (ogasunaren alde), aitorpena aurkeztera behartuta ez daudela jakinaraziko zaie.

Itzulketak aurreratzen dira. Aitorpenaren emaitza itzultzea duten zergadunek beren kontuetan jasoko dute diru-sarrera, aurkeztu eta gehienez ere zazpi eguneko epean. Horrela, Ogasunak apirileko lehen hamabostaldian egingo ditu lehen itzulketak. Aurreko ereduarekin, lehen itzulketak maiatzaren hasieran gertatzen ziren.

Lehengo errenta-klabearen ordez, bak klabea jarri da, errazagoa eta erabilgarritasun handiagokoa. Aurreko kanpainetan Ogasunak errenta-gako bat ematen zuen urtero, eta gako hori ekitaldi horretako errenta izapidetzeko baino ezin zen erabili. Klabe horren ordez aurten bak jartzen da; errentaz gain, Foru Aldundiarekin beste izapide batzuk egiteko ere identifika daiteke (besteak beste, Ogasuneko eta Katastroko izapide guztiak), bai eta beste euskal erakunde batzuekin ere. Gainera, bak gakoa ez da iraungitzen eta erraz memorizatzen da, NANak eta erabiltzaileak berak aukeratutako pasahitz batek osatzen baitute.