BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak laster abiaraziko du gurasoei informazioa eta prestakuntza eskaintzeko helburua duen Guraso Eskolaren edizio berri bat. Aurten ekimen honen bosgarren edizioa ospatuko da, eta otsailaren erdialdean jarriko da martxan.

Aurreko edizioetan ez bezala, non zikloa Bizkaiko hainbat udalerritan hitzaldien bidez ematen zen, aurten, pandemiak baldintzatuta, saio telematiko bakarra planteatu da, "Familia hazkuntzaren euskarri gisa" izenburupean.

0 eta 6 urte bitarteko etapa funtsezkoa da pertsona ororen garapenean, are gehiago egoera ahulenean eta zaurgarrienean dauden haurren kasuan; hazteko eta heltzeko etapa bat da, eta bizitako esperientziek eragina izango dute bizitza pertsonalaren, emozionalaren eta sozialaren hainbat alderditan. Ildo horretatik, saio honetan familiak erreferentziazko talde eta sozializazioko lehen talde gisa hainbat gaitasun garatzeko eta haurraren estimulazioa sustatuko duten testuinguru aberasgarriak sortzeko duen zeregin garrantzitsua aztertuko da. Horregatik, funtsezkoa da familia-figura guztien lankidetza sustatzea garapen-prozesu horretan, arreta, interakzio eta lotura estilo berriak sustatuz.

Familiei gai horietan prestakuntza eta laguntza ematen esperientzia handia duten profesionalek gai horiek landuko dituzte otsailaren 16an 18:00etan egingo den saio telematikoan. Saioaren gehieneko iraupena 90 minutukoa izango da. Foru erakundeak 2.300 gutun eta 1.100 mezu elektroniko bidali dizkie aste honetan Lurraldeko beste horrenbeste familiari, Guraso Eskolan parte hartzera gonbidatzeko.

Jardunaldietan izena eman nahi dutenek honako formulario honen bidez egin dezakete edo, bestela, 94 406 60 00 telefonora deituz.

AURREKO EDIZIOAK

2017an egindako Guraso Eskola zikloaren lehen edizioan saioek Bizkaian ematen ari zen Arreta Goiztiarrean sartutako berrikuntzak ezagutarazteko balio izan zuten. Urte horretan arreta hori doako zerbitzu publiko bihurtu zen eta, gaur egun, Lurraldeko eskualde guztietan banatutako 57 zentro baimendu eta itunduen sarearen bidez eskaintzen da. Ondorengo bi zikloetan, 2018an eta 2019an, neurogarapena zergatik den garrantzitsua eta familiatik estimulatzearen garrantzia aztertu ziren, hurrenez hurren. 2020an hitzaldiek "Hizkuntzaren garapena: familia-ingurunearen garrantzia" izan zuten hizpide. Aurreko edizioei buruzko dokumentazio guztia foru erakundearen web-orrian dago.

ZER DA ARRETA GOIZTIARRA?

Honela definitzen da Arreta Goiztiarra: 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzendutako esku hartzeen multzoa, garapenean nahasmenduak dituzten edo izateko arriskua duten haurren premia iragankor edo iraunkorrei ahalik eta lasterren erantzutea helburu duena.

Bizitzako lehen urteetan plastikotasuna handiagoa denez eta adinean aurrera egin ahala pixkanaka hori gutxitu egiten denez, ikaskuntza eta lehengoratzea indartu egingo dira esperientzia edo estimulu goiztiarrak ematen badira adin goiztiar batean. Hau da, zenbat eta arinago esku hartu, emaitza hobeak lortzen dira. Adin goiztiartzat jotzen dira bizitzako lehen lau urteak. Beraz, arreta goiztiarreko programen esku hartzearen eraginkortasun-mugak ezarrita daude.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko haurren eskura jartzen dituen estimulazio-tratamenduak sei urtera arte zabaltzen dira. Halaber, osasun-, gizarte- eta hezkuntza-sistemak koordinatzeko mekanismoa ezartzen da, elkarrekin lan egiteko. Sei urtetik aurrera, eskolatzea derrigorrezkoa denean, printzipioz, esku hartzea egiteko biderik egokiena eskola-ingurunea da. Hala, garatzeko zailtasunak dituzten adingabeen premiei aurre egiteko esku hartzeak sei urtetik gora zabaltzen dira.

ARRETA GOIZTIARRA ETA COVID-19A

2020an, covid-19ren pandemiak markatutako urtean, 93.000 arreta goiztiarreko ordu inguru eskaini zaizkie lurraldeko 2.000 adingaberi baino gehiagori. Martxoaren erdialdean indarrean jarri zen alarma-egoerari buruzko dekretuaren ondoren ezarritako biztanleriaren konfinamenduarekin bat etorriz, Foru Aldundiak Bizkaiko Arreta Goiztiarreko 57 zentro itunduen sareari jakinarazi zion eten egingo zirela adingabeekin aurreikusitako esku hartzeak, nahiz eta zentroek maiz izan zuten komunikazioa familiekin konfinamenduan zehar. Bi hilabete geroago zerbitzua berreskuratuta, aurrez aurreko saioei berriro ekiteaz eta denbora horretan egin gabeko orduak berreskuratzeaz gain, saio telematikoak ere sartzea erabaki zen, betiere esku hartze motak horretarako aukera ematen bazuen eta, batez ere, haur horietako askoren osasun-arrazoiengatiko zaurgarritasun berezia kontuan hartuta.

Nolanahi ere, portzentajeari dagokionez aukera telematikoa ez da garrantzitsua izan. Adibidez, maiatzean 281 adingabe izan ziren modalitate horretan saioak jaso zituztenak, eta ekainean 121, bi kasuetan daturik altuenak izanik. Gaur egun, modalitate telematikoari 28 haurren kasuan baino ez zaio lehentasuna ematen, eta gainerako kasuetan modalitate hori unean-unean (familia-konfinamenduko edo konfinamendu pertsonaleko egoeretan eta PCR emaitzen zain) erabiltzen da.