BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 10 milioi euro inguruko aurrekontua bideratuko du abiadura handiko internet lurralde osora zabaltzeko. Lanak datorren astelehenean hasiko dira, otsailak 8, eta eremu zurietan dauden Bizkaiko 7.621 atarietara (guztira 8.190 etxebizitza) eramango dute zuntz optikoa. Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak plan honen nondik norako guztiak azaldu ditu.

Mota horretako konexioak Bizkaiko etxebizitza eta negozio guztietara eramateko Foru Aldundiak hamar milioi euro inguruko inbertsioa egin du dirulaguntza baten bidez. Dirulaguntza horren bidez zuntz optikoa zabaltzeko beharrezkoak diren lanen kostuaren % 90 ordaintzen da. Rementeriak azaldu duenez, lan horiek %100ean osatuko dira aurten Enkarterri, Arratia, Mungialdea eta Uribe Kosta eskualdeetan. Halaber, 2021ean Busturialdean eta Durangaldean zuntz optikoa zabaltzeko lanak hasiko dira, eta lan horiek guztiak 2022an bukatuko dira. Datorren urtean, halaber, zuntz optikoaren osatuko da Nerbioi-Ibaizabal, Lea Artibai, Txorierri, Meatzaldea eta Bilbo Handiko etxebizitza sakabanatu guztietan.

Guztira, 602 jarduketa-eremu dira, eta erantsitako mapan kontsulta daitezke.

BI FASETAN AURREIKUSITAKO HEDAPENA

  • 2021: Enkarterri, Arratia, Mungialdea, Uribe Kosta, Busturialdea eta Durangaldeko 50 udalerritako 4.242 etxebizitza.
  • 2022: Busturialdea, Durangaldea, Nerbioi-Ibaizabal, Lea Artibai, Txorierri, Meatzaldea eta Bilbo Handiko 45 udalerritako 3.948 etxebizitza.

Zuntz optikoaren sarea Telefónica enpresak zabalduko du, Bizkaiko Foru Aldundiak lan horiek egiteko deitutako dirulaguntza eskuratzeko eskaintzarik onena aurkeztu duen operadoreak. Dirulaguntzen deialdiaren oinarrietan ezartzen den bezala, zuntz optikoaren eremu zurietan sakabanatuta dauden atari guztietara zabalduko da, eta abiadura handiko Internet eskainiko zaie honako baldintza hauetan:

  • Gutxienez 300 megako konexio simetrikoa izango dute (igotzeko eta jaisteko), datuak mugarik gabe transferitu ahal izateko.
  • Baldintza ekonomikoak populazio-dentsitate handiko eremuetan egiten diren merkatu-eskaintzen antzekoak izango dira.
  • Alta-eskaerei gehienez ere hamar egunetan erantzun beharko zaie.
  • Zerbitzua etetea dakarten gorabeheren % 95, gutxienez, 24 ordu baino gutxiagoan konpondu beharko dira.

Foru Aldundiaren jarduketa hau 'Herri txiki, aukera handi' proiektuaren barruan sartzen da, Bizkaiko lurralde historiko osoan aukera-berdintasuna eta bizi-kalitatea bultzatzera bideratuta dagoena. Rementeriak Aldundiak azkenaldian garatutako proiektu garrantzitsuenetakotzat jo du, Bizkaia hobea uzten dielako hurrengo belaunaldiei, gizarte hobea, konektatuagoa, trinkoagoa eta bizi-kalitateduna lortuz. Era berean, azpimarratu du banda zabala zabaltzeko egin beharreko lanek ehun bat lanpostu mantentzea ahalbidetuko dutela.

ESTALDURA GABEKO EREMUETAN 5G HEDATZEKO HIRUGARREN FASEA

Rementeriak aurreratu duenez, Aldundiak egindako ahalegina gorabehera, zenbait gune konexiorik gabe gera litezke, estalduratik eduki ez arren estaldura-eremu gisa katalogatuta daudelako eta sarbidea 5G teknologiaren garapenaren mende dagoelako. Ahaldun Nagusiak iragarri du Aldundiak udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egingo duela lan estaldurarik gabeko itzalpeko eremu horiek detektatzeko eta Espainiako Gobernuari horiek gune eremu izendatzeko beharra helarazteko.

Katalogazio horrekin Aldundiak orain egiten duen bezala jardun ahal izango du eta, horretarako, beste bost milioi euroko partida gehigarria gorde du, sakabanatutako azken etxebizitza horietara abiadura handiko konexioak eramateko lanak diruz laguntzeko.