BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du asteburu honetan errepideen neguko plana. Horri esker, lurraldeko errepideen erabiltzaileen segurtasuna bermatuko da, elurrak eta izotzak eragin ditzaketen arriskuak gutxituz.

Elurra kentzeko makinak lurralde osoan egongo dira, errepideak garbitzeko, gatza botatzeko eta foru-errepideen sareko zirkulazioa errazteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi nahi du baldintza txarretan saihestu egin behar dela elurrak eta izotzak kaltetutako eremuetara joatea, eta alerta meteorologikoetan zuhurtzia handiz ibili behar dela. Horregatik, eguraldi txarra eginez gero, oinarrizko gomendioak jarraitu behar dira, hala nola egoera meteorologikoaren eta trafikoaren berri izatea, ahal den neurrian ez gidatzea eta garraio publikoa erabiltzea, ibilgailua egoera onean eta ondo hornituta edukitzea edozein gorabeheraren aurrean, eta, batez ere, gidatzean kontu handiz ibiltzea.

ERREPIDEEN NEGUKO PLANA

Negu honetarako diseinatutako operatiboaren arabera, 400 profesional inguru arituko dira Bizkaiko errepideetan, elurra kentzeko makinetako gidariak, laguntzaileak eta zaintzaileak kontuan hartuta, eta horiei gehitu behar zaizkie Foru Aldundiaren errepideen kontrol-zentroetatik errepideen neguko plana koordinatzen duten langile guztiak. Baliabide materialei dagokienez, kanpaina honetan elurra kentzeko 82 makina daude, kamerak eta posizionamendu-sistemak dituztenak. Makina horiek denbora errealean bidaltzen dute kontrol-zentroetara beren jarduerari, egoerari eta errepidearen egoerari buruzko informazioa; era berean, 10 milioi kilo gatz bildu dira, errepideetan sakabanatzeko eta izotz-plakak sortzea saihesteko.

Foru Aldundiak azaroaren 1ean aktibatu zuen Errepideen Neguko Plana (2020-2021), eta 2021eko apirilaren 30era arte egongo da indarrean, Bizkaiko errepideen foru-sareko neguko ezbeharrei aurre egiteko.