BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak inbertsio handia egingo du bidesaridun bideak zaintzeko. Hala, Interbiak foru-sozietateak AP-8 autobidea, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea eta Artxandako Tunelak kontserbatzeko, mantentzeko eta ustiatzeko kontratuak lizitatu ditu; lizitazio horren aldia bost urtekoa da, hau da, 2021eko ekainetik 2026ko ekainera. Bi kontratuen xedeak honako hauek dira: azpiegitura egoera onean mantentzeko prebentzio-eragiketak egitea; ibilgailuen zirkulazioa erraztea segurtasun- eta arintasun-baldintza egokietan; segurtasun-baldintzak kontrolatzea eta hobetzea; eta bidesarien kobrantza kudeatzea.

Bi kontratuen lizitazioaren oinarrizko prezioa 150,5 milioi eurokoa da; horietatik 79 milioi AP-8 autobideko kontratuari dagozkio eta 71,5 milioi Artxandako Tunelei eta Metropoliko Hegoaldeko Saihesbideari. Nolanahi ere, ordaindutako kopuruak hainbat irizpide betetzeari lotuta egongo dira eta, horretarako, Aldundiak ebaluazio-adierazleak ezartzen ditu arlo batzuetan, hala nola bide-segurtasunean, laneko segurtasunean, erabiltzaileen erreklamazioetan, kontserbazio- eta zaintza-zerbitzuaren kalitatean edo erabiltzaileengan izandako eraginetan.

Ebaluazio-adierazleak ezartzea da bi kontratuetan sartutako berrikuntzetako bat, eta Foru Aldundiak kontratatutako zerbitzuan ahalik eta kalitate handiena lortzea du helburu.

Bi kontratu horien beste berritasun nagusietako bat berrikuntza-baldintzak sartzea da, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiko Bide Azpiegituren Berrikuntza Planean zehaztutako estrategiari jarraituz. Horrela lizitatzaile bakoitzak proposamen berritzaileak garatu eta egin beharko ditu arlo jakin batzuetan, besteak beste honako hauetan: mugimenduen kontrola; BIM metodologiaren aplikazioa; elementuen sentsorizazioa; kontsumoen optimizazioa; auto-jasangarritasunerako energia sortzea; argiztapena kontrolatzeko sistema aurreratuak; eta ingurumen-kontrola.

Egungo kontratuari dagokionez, 2021eko ekainean amaitzen dena, nabarmendu behar da Artxandako Tunelak eta Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea mantentzeko eta kontserbatzeko hurrengo kontratua zabalagoa dela, azpiegitura hau eta AP-68 autobidea konektatzeko MHSren zati berria 2023ko udaberrian abian jarriko dela aurreikusten duelako.

80 MILIOI EURO URTEAN KONTSERBAZIOAN ETA MANTENTZE-LANETAN

Errepideen foru sarearen 1.300 kilometroak kudeatzeko Aldundiak 80 milioi inguruko inbertsioa egin behar du urtean kontserbazio eta mantentze lanetan. Berriki metropoliaren eremuko errepideei dagokien kontratua esleitu du, urtean 28 milioi euroko muntarekin. Kontratu honetan dagoeneko aplikatu dira teknologia edo metodologia berritzaileak erabiltzeko betekizuna eta kalitate-adierazleen ebaluazioari lotutako ordainketa.