BILBO. Hain berezia izan den 2020. urteari amaierarekin batera, balantzea egiteko ordua da. Hori dela eta, Bizkaiko bide-sarearen kalitatea baloratu egin dute errepideek. Koronabirusaren pandemiak eragindako gorabeherak kontuan izan arren, 7,88 puntuko batez besteko nota jaso dute. Imanol Pradales foru-diputatuak egin du datu hauen aurkezpena.

Inkestaren arabera, erabiltzaileek garbitasuna baloratzen dute gehien, 8,90 punturekin, bai eta seinaleak, 8,38 punturekin, eta segurtasun- zein larrialdi-neurriak ere, 8,02 punturekin. Errepideetako obren balorazioetan 7,97 puntu lortu dira, eta bide-zoruaren nahiz zoladuraren egoerari buruzko balorazioek gora egin dute aurreko urteekin alderatuta. Hori horrela, bide-zoruaren eta zoladuraren egoerari buruzko baloraziok gora egin du, 2019. urteko 6,0 puntuetatik 2020ko 6,72 puntuetara. Trazaduraren inguruko balorazioek 7,49 puntu lortu dituzte, eta ingurumenaren eraginak 7,7 puntu (aurreko urteetan baino puntu gutxiago).

BIDESARIA

Behera egin du gastua mugatzeko Bidesaria programaren balorazioak, eta 2019. urteko 8,51 puntuetatik 7,97 puntura jaitsi da 2020. urtean. Inkesta egin dutenen % 42,8k erabiltzen ditu bidesariak dituzten autobideak. Bestalde, nabarmendu beharra dago AP-8 dela gehien erabiltzen den bidesaridun errepidea, eta Bidesaria programaren barruan Bizkaiko errepideetako hamar erabiltzailetik ia zazpik bidesaridun errepide hori erabiltzen dute. Supersur errepidea erabiltzaileek gehien erabiltzen duten bigarren errepidea da, % 16,5eko erabilerarekin; ondoren, Artxandako tunelak datoz, % 16,1eko erabilerarekin, Bizkaian bidesaria duten errepide guztien erabilera kontuan hartuta. Hortaz, Bidesariak programen erabilerak, aurreko urteekin erkatuta, gora egin du AP-8 errepidean, Supersur errepidean eta Artxandako tuneletan.

Era berean, 7,47 puntu lortu dira Bizkaian hasi eta amaitzen diren ibilbideetarako bonuaren balorazioan. Bonuaren bitartez, hilean 47,74 euroko gehieneko gastua ezarri da AP-8 eta AP-1 errepideetako bidesarietan.

Pradalesek azaldu duen bezala, dagoeneko 20.959 erabiltzailek egin dute bat Bidesaria programarekin. Batez beste itzulitako zenbatekoa 51,29 eurora arte handitu da.

BIDESAREA PLANA

Sarea hobetzeko eta modernizatzeko Bidesarea Planari dagokionez, erabiltzaileek 7,69 puntuko balorazioa eman diote. Plan horretan jasotako obrak gauzatzeko premiari buruz galdetu dietenean, puntuazio hauek eman dizkiete:

  • Artea eta Zeberio arteko segurtasuna hobetzeko premia: 6,46 puntu
  • Zeberio eta Ugao arteko segurtasuna hobetzeko premia: 7,43 puntu
  • Markina eta Berriatua arteko errepidea hobetzeko premia: 8,85 puntu
  • Arrontegitik Txorierrira (Kukularra) joateko irteeraren konexioa hobetzeko premia : 8,19 puntu
  • Malabrigo (Zalla) eta Traslaviña (Artzentales) arteko BI-630 errepidea hobetzeko premia: 6,91 puntu
  • Mungia-Trobika arteko errepidea hobetzeko premia: 7,92 puntu
  • N-634 errepidea Iurretan berrantolatzeko premia: 6,19 puntu
  • Berna eta Euba arteko errepidea hobetzeko premia: 6,45 puntu
  • N-634 errepidea Euba eta San Antonio artean hobetzeko premia: 7,07 puntu
  • BI-3742 errepidean obrak amaitu eta 5 hilabete igaro ondoren, erabiltzaileek 6,8 puntu eman dizkiote Artxandako biribilguneen hobekuntza-lanari
  • A-8 autobidearen eta BI-644 errepidearen arteko lotura Max Center eta Aparkabisa inguruan hobetzeko premia: 8,19 puntu
  • Hainbat eskualdetan bide-zoruak berroneratzeko Aldundia egiten ari den kanpainaren premia: 8,22 puntu

KANPAZARREKO HIRUGARREN ERREIA

BI-636 errepideko Kanpazarreko zatian jarduteko premiaren balorazioak 8,2 puntu jaso ditu. Erabiltzaileen % 34,9k uste du ibilgailu motelek N-636 errepidean, Kanpazarren, eragiten dituzten auto-ilarak saihesteko aukerarik aproposena beste errei bat egitea dela; izan ere, Kanpazarrera igotzeko zatian, lau kilometro eta erdi horietan, trazadura bihurgunetsua da eta bi zatitan baino ez dago aurreratzeko aukera. % 54k uste du aukerarik egokiena tunel bat eraikitzea dela.

SUPERSUR ERREPIDEA

Pixka bat igo da Supersur errepidearen balorazioa orokorra, 6,7 puntura arte. Enkarterri, Ezkerraldea eta Txorierri eskualdeetako erabiltzaileek ematen dizkiote puntuaziorik onenak, 7 puntu baino gehiago eman baitizkiote azpiegiturari. Supersur errepidearen ezaugarriei dagokienez, hauexek izan dira balorazioak: 8 puntu segurtasunari, 8,02 puntu erosotasun eta arintasunari, 7,9 puntu erreien eta bazterbideen zabalerari, eta 7,71 puntu argiteriari.

Horrez gain, 10 pertsonatik ia 7k uste du konexio bat egin behar dela Hegoaldeko Saihesbidearen eta AP-68 errepidearen artean, eta uste dute, azken bederatzi urteetan, MHSk ibilgailuen kopuruak murrizten eta auto-ilarak arintzen lagundu duela A8 errepidean. Bestalde, pertsonen % 71,1ek uste du Supersur errepidea Gasteizera doan AP-68 errepidearekin konektatzeko obrek asko edo nahiko hobetuko dutela A8 eta Malmasingo inguruaren mugikortasuna.

ITSASADARRAREN AZPIKO TUNELA

Arrontegi zubiaren alternatiba baten premiari buruz galdetzean, Bizkaiko errepideetako erabiltzaileek 8,05 puntu eman dizkiote, kontuan hartuta 0 (ez da beharrezkoa) eta 10 puntu (oso beharrezkoa da) arteko kalifikazioa eman zezaketela. Ildo horretatik, pertsonen % 84,3k uste du Itsasadarraren azpiko tunelak Bizkaiko trafikoa hobetzen lagunduko duela. Antzeko ehuneko batean, 10etik 8, uste dute garraiobide publiko bat jarri beharko litzatekeela itsasadarraren azpiko tunelean.

BERRIKUNTZA ERREPIDEETAN

10 pertsonatik 8k uste dute egokia dela errepideetako berrikuntza Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunezko ardatzetako bat izatea, eta beharrezkotzat jotzen dute errepideetan teknologia berrietan inbertitzea.

Azterketa egiteko, 2020ko azaroaren 9tik 20ra, telefono bidezko inkesta bat egin zaie Bizkaian bizi diren 3.000 gidariri.