Euskararen mesedetan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa atzo abiatu zen. Bilbon, dagoeneko, 11.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Baina hurrengo egunetan partaideen zenbakia igotzea espero da, asteartera arte izena emateko epea zabalik egongo baita. Gainera, 1.645 arigune sortu dira hiriburuko erakunde eta enpresetan. Hala ere, antolatzaileek zifretatik haratago joateko deia egin zuten atzo, norbanakoek hamabost egunetan euskaraz bizitzeko hartzen duten konpromisoa garrantzitsuagoa dela adierazi baitzuten.

Abenduaren 4ra arte, 16 urtetik gorako herritar guztiak daude deituta euskararen erabileraren aldeko ekimen honekin bat egitera. “Bilboko kaleetan ikusten hasi gara ahobizi eta belarriprest txapak. Aurrekoan egon zen atxikimendua oraingoan ere ikusten da”, adierazi zuen Iker Martinez de Lagosek, Euskaraldiko antola-tzaileetako batek, atzo ospatutako prentsaurrekoan. Iaz 17.000 partaidek eman baldin bazuten izena, orain arte, Bilbon, 11.000 pertsonen atxikimendua lortu da. “Horietako bi herenek, %67ak, ahobizi moduan parte hartuko du, eta, beste herenak, %33ak, belarriprest moduan”, gaineratu zuen.

Bestetik, gogorarazi zutenez, aurten ariguneak jarri dira martxan, eta, guztira, Bilbon presentzia duten 127 entitate ezberdinek, bai kultur eragile, erakunde publiko, enpresa eta bestelako entitateek, izena eman dute. “Guztien artean 1.645 arigune jarri dituzte martxan Bilbon aurtengo Euskaraldirako”, adierazi zuen Martinez de Lagosek uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten espazio hauei buruz.

Batzar Nagusiak. Bizkaiko Batzar Nagusiek lau arigune jarri dituzten martxan, Bilboko, Gernikako eta Abellanedako espazioetan batzarkideek eta langileek euskaraz egin dezaten.

Eusko Jaurlaritza. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak “estres linguistikorik gabe” entrenatzeko deia luzatu zuen atzo berriz ere. “Ahobiziek euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dute; belarriprestek haiekin euskaraz hitz egiteko gonbita egiten dute”, argitu zuen.

“Garrantzitsuak dira zenbakiak, eta ekonomian askoz gehiago, baina norbere konpromisoa izan behar da garrantzitsuagoa”, adierazi zuen bere aldetik Koldo Narbaizak, Euskara zinegotziak, asteartera arte izena emateko epea zabalik dagoela azaldu ostean. Ildo beretik, balorazio kuantitatiboa egiteko oraindik goiz dela gogoratu zuen Iker Martinez de Lagosek. Izan ere, aurreko edizioan zenbakiak bukaeran eman ziren. “Edonola ere guri garrantzitsua irudi-tzen zaigu zenbakietatik haratago ariketa praktikoa azpimarratzea. Hau ez da kanpaina huts bat, pertsona konkretuetan eta hizkuntza ohitura eta inertzietan aldaketak eragiteko ekimena da”, azaldu zuen.

Duela aste batzuk belarriprestei parte hartzeko deia egin zen antolakuntzaren aldetik, izan ere, ahobiziekin alderatuz portzentaia txikiago batean ari ziren izena ematen. Zentzu horretan, nahiz eta Bilbon ere joera hori ikusten den, antolatzaileen esanetan Bilbo bezalako eremu hiritarretan belarripresten portzentaia altuagoa omen da Euskal Herri mailako datuekin alderatuz gero. “Deialdia egin zenetik hona bai nabaritu da belarripresten igoera”, aitortu zuen Martinez de Lagosek. Hala ere, rolaren aukeraketa gaitasunarekin baino jarrerarekin lotuta dagoela nabarmendu zuen. “Oso inportantea da belarriprest asko egotea, ahobiziei aukera ematen digu euskaraz egiteko”, azaldu zuen.

Udalaren izenean, bilbotarrei parte hartzeko deia luzatu zien Narbaizak. “Erronka lehen izaten genuen muga igaro eta euskara kaleratzea da, lehen hitza euskaraz esatea eta normalizaziori bultzada bat ematea”, gaineratu zuen, txapak jasotzeko lehenago izena eman behar dela azaldu ondoren. Webgunean, telefono mugikorretarako aplizazioan, auzoetan antolatu diren ekimenetan edota Bilboko Goienkalen dagoen informazio-puntuan eman daiteke izena.

Batzar Nagusiak. Bizkaiko Batzar Nagusiek lau arigune jarri dituzten martxan, Bilboko, Gernikako eta Abellanedako espazioetan batzarkideek eta langileek euskaraz egin dezaten.

Eusko Jaurlaritza. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak “estres linguistikorik gabe” entrenatzeko deia luzatu zuen atzo berriz ere. “Ahobiziek euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dute; belarriprestek haiekin euskaraz hitz egiteko gonbita egiten dute”, argitu zuen.