MUSIKARIK gabe, bizitza akatsa izango litzateke". Esaldi hau Friedrich Nietschek esan zuen eta izurriteak erakutsi du zelako garrantzia daukan kulturak. Eta, aurten, nahiz eta egoera ezberdina den, Udagoieneko Osterak bere XXI.edizioa azaroaren 13an hasiko du. Egun horretatik 29ra arte hiru kontzertu eskuragarri egongo dira Udagoieneko Ostera webgunean dohainik. "Pandemia iritsi zen, beraz, bai ala bai egokitu behar genuen Udagoieneko Ostera errealitate berri honetara", azaldu du Maria Riverok, proiektuaren arduradunak, eta azpimarratu du betiko helburua hor dagoela: "euskal sortzaileen lanak plaza ezberdinetara eramatea".

Eñaut Elorrieta, Zea Mays eta Izaki Gardenak izan dira Udagoieneko Ostera Hegan zirkuitu honetako taldeak eta bakoitzak kontzertu akustiko berezi bat sortu du propio toki berezi horretarako, tokiak berak inspiratutako tonuak eta koloreak emanaz abesti eta instrumentuei, kontzertu bakoitza benetan errepikaezina eta bakarra bihurtuz. "Grabatuta daude eta oso zainduta dago eskainiko duguna", esan du arduradunak. Eñaut Elorrietak Balmasedako La Encartada Fabrika Museoan egin zuen kontzertua, azaroaren 13tik 15ra arte izango da Udagoieneko Ostera webgunean; Zea Mays taldea Muskizeko El Pobal burdinolan grabatutako kontzertua azaroaren 20tik 22ra arte ikusgai egongo da; eta Izaki Gardenak taldeak Bermeoko Arrantzaleen Museoan grabatu zuen kontzertu akustikoa azaroaren 27tik 29ra arte egongo da ikusgai.

Edizio berri honetan musikaz aparte, gure historiaren parte garrantzitsu bat izan diren lekuak ere izango dira protagonistak. Industrializazio aurreko Muskizeko El Pobal burdinolatik hasita, industrializazio garaiko Balmasedako La Encartada Fabrika-Museora eta azkenik, arrantzaleen bizimodua eta ohiturak batzen dituen Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Bizkaiko Foru Aldundiko eszenatoki bakoitzak bere kolorea eman dio musikari bakoitzak sortutako kontzertuan. "Helburuak biderkatzen dira euskal kultura leku ezberdinetara eramaten dugulako baita ere gure ondare historikoa erdigunean jartzen dugulako", aipatu du Maria Riverok. Berak argi dauka kulturak duen garrantzia eta egindako lana: "Konturatu ginen guztiontzako kulturak berebiziko garrantzia hartu duela azkenengo hilabete hauetan bai norbanakoentzako bai jende arteentzako. Gainera, ikusi genuen gure ondare historikoa ere garrantzia hartzen zihoala. Horregatik, ezohiko lekuetara eraman ditugu emanaldiak. Oso berezia da".

Musikaren esperientzia hobea izateko, Udagoineko Ostera webgunean hainbat proposamen daude. "Kontzertuak, museoen eta musikarien informazioa eskuragarri egongo dira. Gainera, kontzertu bakoitzean Leire Palacios komunikatzaileak egin die musikariei elkarrizketa: euren lanaz hitz egiten, euskal kulturaren egoeraz€", nabarmendu du Maria Riverok.

DATUAK

Non ikusi. Azaroaren 13tik 29ra bitartean kontzertu guztiak doan ikusteko aukera webgunean (www.udagoienekoostera.eus).

Eñaut Elorrieta. Balmasedako La Encartada Museoan grabatutako kontzertua azaroaren 13tik 15era arte izango da.

Zea Mays. Muskizeko El Pobal burdinolan grabatutako kontzertua azaroaren 20tik 22ra arte izango da.

Izaki Gardenak. Bermeoko Arrantzaleen museoan grabatutako konztertua azaroren 27tik 29ra ikusgai.