BILBO. Aurrera dihardute Bilboko Portua A-8rekin lotzen duen N-644 autobia kontserbatzeko eta mantentzeko lanak. Bizkaiko Foru Aldundiak 1.025.760 euroko aurrekontua bideratu du lan hauetara, eta urtea bukatu baino lehen, abenduan konkretuki, amaitzea aurreikusten da.

Jarduketa honen helburua errepide horren segurtasuna indartzea da, funtsezkoa baita portuaren funtzionamendurako, betiere kontuan hartuta Bizkaiko jarduera ekonomikoa bultzatzen duen funtsezko elementua dela. Bilboko Portuko instalazioetara errepidez iristeko bide nagusia denez, N-644 errepideak ibilgailu astunen eta garraio berezien joan-etorri handia jasaten du eta, beraz, errodadura-geruza gehiago higatzen da.

MAMARIGAKO TUNEL FALTSUETAN EGIN DE JARDUKETA

Mamarigako tunel faltsuak 160 metroko luzerako eta 5,20 metroko erradioko arkua duten bi hodi dira. Tunel hauetan mantentze-lanak egin dira hormapikoetan, giltzarrian, junturetan eta argiztapenean. Lan horiek 471.900 euroko inbertsioa dakarte.

Hormapikoetako lanetan garbitu egin dira, horretarako hidrodemolizioa erabiliz zegoen estaldura kentzeko; hormigoia txikituz saneatu dira armadurara iritsi arte eta pasibatu eta geometria berreskuratu da. Halaber, korrosioa inhibitzeko tratamendua aplikatu da eta pintatze-lanak burutu dira.

Giltzarrian, hormapikoetan bezala, hidrodemolizioarekin garbitu da, zegoen estaldura kentzeko eta, ondoren, pitzadurak injektatzeko eta karbonatazioaren aurkako tratamendua aplikatzeko.

Junturak bereziki tratatzen ari dira, estaldura sintetiko iragazgaitza aplikatuz eta beira-zuntzezko lamak instalatuz ura biltzeko. Argiztapenari dagokionez, egungoaren ordez led teknologia duten argiak jarriko dira, tunelek bisibilitate hobea izan dezaten eraginkortasun energetiko handiagoarekin. Era berean, kableatu elektrikoa berrituko da eta kanpoko argiztapena gehituko zaio ahoen irteerari.

JARDUKETAK ZORUAN

N-644 errepideko zoruan egin diren jarduketak ia amaituta daude eta 553.860 euroko inbertsioa egin da. Jarduketa hauetan Porturako noranzkoan dagoen galtzadan 1,5 km-ko eta Bilboko noranzkoan galtzadan 1 km-ko tartean egin da lan. Ibilgailu astunen intentsitate handiak eragindako higadura dela eta, egindako jarduketaren barruan dagoen errodadura-geruza kendu da, baita nahasketa bituminoso drainatzailez osatutako tarteko geruza ere eta, ondoren, berriz jarri da.

Tuneletako sarrera-tarteak fresatzeko eta ondoren aglomeratzeko lanak baino ez dira geratzen, eta arestian deskribatutako mantentze- eta kontserbazio-lanak amaitzen direnean egingo dira.

GAUEKO ETA EGUNEKO LANAK

Mamarigako tunel faltsuen mantentze- eta kontserbazio-lanak gauez zein egunez egiten ari dira, lanaldiak murrizteko eta bidearen erabiltzaileei eragozpenak murrizteko. Horretarako, jarduketa-eremuaren arabera, erreiak mozten dira edo behar bezala seinaleztatuta dauden bypass-ak eginez galtzada osoa mozten da.

PORTUKO AUTOBIDEARI DAGOKIONEZ

N-644 errepidea, Portuko autobidea, lehentasunezko intereseko sareko foru errepidea da, eta Bilboko Portuaren lotura nagusia da errepidez; Santurtziko eta Zierbenako portu-instalazioak lotzen ditu A-8 autobidearekin bidez 2,7 kilometroko trazatuan. 1990ean sartu zen zerbitzuan, eta gaur egun 22.809 ibilgailuko batez besteko trafiko-intentsitatea du lanegunetan; horietatik 6.458 ibilgailu astunak eta garraio bereziak dira.

Gaur egun tunel faltsuetan eta Portuko autobideko zoruan egiten ari diren esku-hartzeak osatu egiten du Mamarigako tuneletan 2018an eta 2019an egindako hobekuntza integraleko jarduketa. Aldundiak 5.868.474 euroko inbertsioa egin zuen 320 metroko luzera duten bi hodietan. Beste hobekuntza batzuen artean, led argiztapen-sistema berria instalatu zen, baita haizagailu berriak, megafonia-sistemak, argiteria eta aireztapena kontrolatzeko sistemak, eta suteen aurkako eta bideozaintzako sistemak.