BILBO. Urriaren 1ean, osteguna, hasiko da Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako Batuz proiektuaren egokitzapen-aldia. Bizkaiko enpresa eta langile autonomoek probak borondatez egiteko aukera izango dute. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da Batuz sistema ezarrita izatea.

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek Batuz proiektua ezartzeko erregelamendua garatzen duen Foru Dekretua onartu du. Dekretu honek TicketBAI fakturazio-sistema hartzeko eta eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuak edukitzeko betebeharrak jasotzen ditu, eta Foru Ogasunak egindako aitorpen-zirriborroak zergadunen eskura jartzeko aukera ematen du.

Batuz Bizkaiko Foru Ogasunaren estrategia integrala da jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztien tributazioa kontrolatzeko, eta kudeaketa-eredu berri bat ezartzen du aldi berean zergadunei euren zerga-betebeharrak betetzea erraztuz.

Horretarako, Foru Ogasunak:

  • Fakturazio-sistemetan tresna teknologiko berriak erabiltzeko derrigortasuna ezartzen du.
  • Pertsona guztien informazioa emateko betebeharrak parekatzen ditu.
  • Enpresa eta langile autonomoen eskura jartzen du BEZaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenen zirriborroa.
  • Zutabe horietako bakoitza erregelamendu bidez garatzeko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartutako Foru Dekretuak beharrezko aldaketak egiten ditu PFEZren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren erregelamenduetan, bai eta zerga-betebehar formalak, tributuen kudeaketarenak eta fakturazio-betebeharrenak arautzen dituzten erregelamenduetan ere.

Jarraian, berrikuntza nabarmenenak laburbiltzen dira.

FAKTURAZIO-SISTEMETAN TICKETBAI ERABILTZEKO DERRIGORTASUNA

TicketBAI fakturazioa kontrolatzeko sistema Batuz sistema osatzen duten elementuetako bat da eta jaulkitako faktura bakoitzari kode enkriptatu bat lotzen dion software batean oinarritzen da. Kode horrek ondasun-emateak eta zerbitzu-prestazioak dokumentatzen dituzten erregistroen trazabilitatea eta bortxaezintasuna bermatzen ditu. Horrela, ezinezkoa da salmentak ezkutatzea fakturazio bikoitzeko sistemen bidez. Era berean, kontsumitzaileei aukera ematen die egindako erosketa ogasunari behar bezala aitortu zaion egiaztatzeko.

Foru Dekretuak TicketBAI sistemari buruzko alderdiak garatzen ditu; sistema informatiko horrek bete beharko dituen zehaztapen teknikoak, berriz, Foru Agindu bidez onartuko dira. Irailaren 14tik aurrera, zehaztapen horiek betetzen dituzten fakturazio-softwarea diseinatzen duten garatzaileek software bermatzailearen erregistroan sartzea eskatu ahal izango dute. Zerrenda hori Foru Aldundiaren webgunean argitaratuko da eta Batuz ezartzeko software informatikoa erosi behar duen edonork kontsultatu ahal izango du.

Gogoratu behar da Foru Ogasunak %30eko kenkari berezia ezarri duela Batuz ezartzeko zergadunek egiten dituzten gastu guztietarako. Halaber, eragiketa asko egiten ez dituzten zergadunentzat Foru Ogasunak doako aplikazio bat eskainiko du, urtean gehienez 100 faktura jaulkitzeko aukera emango duena.

PERTSONA GUZTIENTZAKO INFORMAZIO-BETEBEHARRAK PAREKATZEA

Batuz-ek dakarren berrikuntza nagusietako bat da enpresek nahitaez eduki eta bete beharko dutela eragiketa ekonomikoen erregistro-liburu bat, 240 eredua, 140. ereduaren bidez langile autonomoek 2014tik egiten duten bezala. Batuz-en ezarpenarekin 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da bi erregistro-liburuak betetzea Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan, nahiz eta aldez aurretik probaldi bat egingo den eta eredu berri horretara egokituko den.

Foru Dekretuan jasotzen den bezala, 140. eta 240. ereduek honako kapitulu hauek izango dituzte: sarreren eta jaulkitako fakturen kapitulua; jasotako gastuak eta fakturak; atxikitako ondasunak eta/edo inbertsioak; erkidego barruko eragiketa jakin batzuk; hornidurak eta ordez ordaindutakoak; eta zerga-arloan garrantzia duen bestelako informazioa. Enpresen erregistro-liburuak, 240 ereduak, kontabilitate-mugimenduen kapitulu bat ere izango du.

Onetsi den Foru Dekretuak kapitulu horietako bakoitzean jaso behar den informazioa zehazten du, bai eta Ogasunera igortzeko epeak ere. Oro har, eta salbuespen batzuk izan ezik, informazioa egiteko dataren eta apirilaren, uztailaren edo urriaren 25aren edo urtarrilaren 31ren artean erregistratu beharko da, egin den hiruhilekoaren arabera.

AITORPENAREN ZIRRIBORROAK

Batuz sistema ezartzeak bi helburu ditu: zerga-iruzurraren aurkako borroka indartzea eta zergadunari eskaintzen zaion laguntza hobetzea, zerga-betebeharrak betetzea erraztuz. Horrela, Balio Erantsiaren gaineko Zergari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari edo Sozietateen gaineko Zergari dagozkien autolikidazioak aurkeztu aurretik, zergadunak autolikidazioaren zirriborroa izango du eskura Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan. Zirriborro horren gainean zerga likidatzeko behar diren datuak eta dokumentazioa aldatu eta/edo aurkeztu ahal izango ditu.

BEZaren zirriborroak eskuragarri jartzeko erreferentzia-data gisa, Foru Dekretuak ezartzen du ezen, hileko autolikidazioen kasuan, zirriborroa hurrengo hilabeteko 17an (edo hurrengo egun baliodunean) egongo dela eskuragarri; hiruhileko autolikidazioetarako, apirilaren 20an, uztailaren 20an eta urriaren 20an (edo hurrengo egun baliodunean); eta azken hiruhilekoko autolikidazioetarako edo urteko laburpenetarako, urtarrilaren 25ean edo hurrengo egun baliodunean.