- Ez da balentriak egiteraren zale, nahiz eta urte luzez halakoak egin izan dituen. Aralarrera, Gorbeiara, Aizkorrira... joan etorriak ugari ditu azken urteetan, Markina-Xemenindik hasita eta txangoz txango. Azkena, abuztuaren 27an egin zuena, bere herriko inguruan diren lau tontor kateatzea izan da: Urregarai, Oiz, Urko eta Kalamua. Bederatzi ordu segidan ibilian, eta 80 urte dituelarik, Jose Maria Elordi Agirrebeitia Elorrixak bere azken erronka bete berri du.

"Askatasuna ematen dit mendian zehar ibiltzeak", dio Elorrixak. "Ez naiz etxean geratzen den horietakoa". Hala da, zalantzarik gabe. Ezagun ditu bere inguruko hainbat tontor, Bizkaiko hainbatetan barrena ibili da, baita Euskal Herriko esangura-tsuenetan ere. Mendizale amorratua da. "Mendia dut gogoko, lasaitasuna ere ematen dit", dioenez. Elordik, bestetik, adineko pertsonen estereotipoarekin apurtzea lortu du: koronabirusa dela eta, hainbat zahar beldurrez ibili dira, bizi poz barik. Elorrixaren kasuan eza da hala izan. Izan ere, eta abuztuaren 5ean 80 urte beteta, orain hiru urte erabaki zuen inguruko lau tontorren buelta 80 urte bete arte hiru biderrez egitea. Bada, 78 urterekin 79rekin eta 80rekin erronka betetzea lortu du. "Sekreturik baden? Bat ere ez. Mendian ibiltzea, ahal denean behintzat, eta erresistentzia izatea".

Markina-Xemeindik goizeko 07:00etan atera zen Elorrixa, Goiko portaleko iturritik, Karmengo Iturritik. Arin jarri zituen bere oinak Urregarai (08:05), Oiz (10:42), Urko (13:40) eta Kalamurantz jotzeko (14:43). Azken tontorrera igota, 16:10etan heldu zen irteera puntura. Han izan zituen bere familia: Maribi, iloba Intza, semea Iñigo eta lagun on bi, Sumiña eta Karia. "Ez zitzaidan gogorra egin, ohituta nago handik ibiltzen. Ez dakit zenbat biderrez igo naiz mendi horietara...", dio. Bidean, hala ere, laguntza ere jaso zuen. Laguntza baino, konpainia. "Urregarai eta Oizera bera bakarrik joan zen eta gero Trabakuatik Urkora arte Iñigo semea eraman zuen bidelagun. Urkon Juanjo semea eta Intza iloba zain zituen animatzeko eta Urkotik Markina-Xemeinera Juanjo eraman zuen bide lagun", familitik diotenez. Helmugara ondo iritsi zen, "inongo minik barik. Neka eginda, noski, baina ondo. Eta denbora marka ona ere egin nuen, nahiz eta lehiakortasuna ez da bilatzen dudan zerbait".

Medikuaren eraginez hasi zen Elordi ibiltzen, "osasuna zaintzeko". Eta ordutik hona hainbt erronkatan garaile suertatu da. "Behin baino gehiagotan joan izan naiz Markina-Xemeindik Gorbeiaraino, eta bueltan. Guztira, 15 ordu baino gehiago". Ondarroa-Ondarroa iraupen luzeko proban ere partehar-tzaile izan da. Aralarrera ere joandakoa da, bere herritik hasita. 24 ordutako hainbat frogatan ere izandakoa da. eta Bizkaiari ere bira emandakoa da. Ezbairik gabe, tankera honetako txangoak ditu markinarrak gustoko. "Urdaibai aldean ere aritutakoa naiz, han hemenka ibiltzea gusta-tzen zait". Urrunekoak baino, hurbilekoak ditu gustoko. Elordiren aburuz, "ez da urrunera joan beharrik mendiaz gozatzeko. Baditugu urre hainbat tontor, naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko. Euskal Herria horretarako paraje ederra da".

Etorkizunari buruz galdetuta, Elorrixak "lasaitasuna" behar duela dio. Hainbat txango ditu prest eta egiteke, "baina orain lasai egoteko unea da. iraupen luzeko kontuak utxiko ditut, baina ez mendin ibiltzeari. Badira hainbat tontor txiki bisita daitezkeenak", dio Elordik, eta horretara bideratuko du bere denbora datozen hilabeteetan. 80 urtez gaindi ere, markinarrak ziur duena zera da: hain gogoko duen mendiaren askatasunari ez diola uko egingo.

"Sekreturik baden horrelakoak egiteko? Bat ere ez. Mendian asko ibiltzea eta erresistentzia izatea"

"Oraingoan lasai hartuko dut. Badira hainbat mendi txiki deskubritzeko"

Mendizalea