Durangaldea

7,5 kilometroko bidegorri batek Amorebieta eta Iurreta lotuko ditu

04.09.2020 | 12:42

BILBO. Amorebieta-Etxano eta Iurreta lotuko dituen 7,5 kilometroko bidegorri bat eraikiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ibilbidea Zubieta industraldearen eta Lauaxeta ikastolaren ondotik hasiko da eta AP-8 autobidearen ondotik igaroko da Dudeako San Migel, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoetatik, eta Mallabiena industrialdean amaituko da. Bertan, lehen leuzen bidegorriekin bat egingo dute.

Bide horren ezaugarri nagusien artean erabiltzaileak autobidearen zaratatik eta inpaktu bisualetik isolatuko dituen pantaila bat egitea dago, bai eta hiru pasabide eta azpiko pasabide bat eraikitzea ere, lehendik dauden errepideekiko bidegurutzeetan ibilbideari jarraipena emateko. Halaber, ibilbidean zehar eguzki-energiarekin funtzionatzen duten luminariak instalatzea planteatzen da.

Trazadura eta bere ezaugarri nagusiak zehaztuta, bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbide honen behin-behineko proiektuaren jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapidea beteko da orain eta, ondoren, eraikuntza-proiektua idatziko da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak egin dituen kalkuluen arabera, azpiegitura hau eraikitzeko 9,4 milioi euroko inbertsioa eta 20 hilabeteko egikaritze-epea beharko dira.

BIZIPISTA

Bizikleta-bide hau eraikitzea Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun jasangarria bultzatzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, bizikletaz egiten diren hiriarteko desplazamenduen konektibitatea hobetuz, bizikletaren eguneroko erabilera eta garraio publikoko nodoekiko konexioa bultzatuz.

Amorebieta-Etxano eta Iurreta arteko bizikletentzako ibilbideak lehendik dauden bi bide-azpiegitura ditu oinarri: AP-8 eta N-634 errepideak, hain zuzen ere, eta bizipista izena jaso du. Bidegorri tradizional bati dagokionez eskaintzen dituen abantailen artean, bizipistak trazadurari, sekzioari eta erabilerei buruzko irtenbidea ziurtatzen du, bizikleta-abiadura orduko 25 km ingurukoa izatea bermatzen duena; lurzoruen kudeaketa errazten du eta baimenetan edo desjabetzeetan kaltetutako eta esku hartzen duten agenteen kopurua murrizten du; mugikortasun-eskaria erakartzen duten zentro garrantzitsuekin konektatzea errazten du, esaterako, bide-azpiegitura horien ondoan dauden poligonoekin; autobidearen inpaktua konpentsatzen du eta azpiegitura horrekin bat egiten du, eta autoarekiko lehian bizikleta-bidea mugitzeko alternatiba gisa ikusarazten laguntzen du, xedea autoen presentzia eta erabilerak murriztea eta garraiobide iraunkorragoei garrantzia ematea baita.