BILBO. Koronabirusak eragindako krisialdiak sektore ia guztietan izan da kaltegarria. Hainbat eta hainbat pertsona lanik gabe geratu dira, eta zaila izango da normaltasun ekonomikoa berreskuratzea. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak ekitaldi honetan artisautza sustatzeko programa onetsi du. Programa horrek 450.000 euroko inbertsioa jasoko du jarduera profesional gisa indartzeko, artisau-lanen kalitatea sustatuz eta ikuspegi berritzaileak bultzatuz, horretarako trebetasun berriak eta negozio-ereduak garatuz.

Aurten, gainera, dekretuak kontuan hartzen du artisautza, merkataritzarekin eta turismoarekin duen loturagatik, Covid-19ak sortutako osasun-krisiaren ondorioek gehien kaltetu duten sektoreetako bat dela. Hala, foru dekretuak modu espezifikoan diseinatutako neurri berriak aurreikusten ditu, sektoreak adierazitako beharrei erantzuteko: dekretuak 1.500 euroko laguntza jasotzeko aukera ematen du, erakundeen egitura eta funtzionamendu gastuak finantzatzeko.

Programaren garapen normalari dagokionez, artisauek beren lehiakortasuna indartzeko proiektuak finantzatzeko diseinatuta dago, are gehiago gaur egungo egoeran. Berariaz, honako gastu hauek lagunduko dira diruz, besteak beste: lokala eraberritzea, makineria, ekipamendu informatikoa, lizentziak, prestakuntza-ikastaroak, online sustapena eta salmenta, erregistratutako enpresa berrientzako tailerra alokatzea edo kanpo-aholkularitza, 10.000 euroko mugarekin.

Era berean, tokiko erakundeek eta artisautza-elkarteek Bizkaian azokak, prestakuntza-jarduerak eta artisautza sustatzera bideratutako beste jarduera batzuk antolatzeko bultzatutako jarduerak babestea aurreikusten du dekretuak.