- Segurtasun eta osasun neurri bereziak aplikatuta, baina Bermeok bere merkatxu txikia errekuperatuko du gaurkoan. Udala eta postuetako saltzaileak "akordio batera" iritsi dira jarduera berriz ere martxan jartzeko. "Noski, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak behar bezala bermatu beharko dira, bai saltzaileen eskutik eta baita erosleen eskutik ere", azaldu dutenez.
Asteartero egiten den merkatu txikia plazara bueltatuko da, beraz, nahiz eta ohikoak baino postu gutxiago izan diren salerosketa gunean. Izan ere, Udaleko bozeramaileek adierazitakoaren arabera, "azoka txikiko saltzaileen jarduera behar bezala betetzeko, salmenta postu guztiak bi bloketan banatzea erabaki da. Honela, aste biko epean denek lan egiteko aukera izango dute". Postuen arteko tartea ere handia izango da, nahiz eta luzeeran txikiagoak izango diren: bost metroko postuak lau metro izatera pasako dira eta zortzi metrokoak sei metro izatera.
"Postuen arteko distantziari dagokionez, sei metroko pasabidea bermatu beharko da eta, aldeen artean, lau metroko distantzia bermatu beharko da". Azkenik, saltzaileek gutxienez bi metroko aldea gorde beharko dute. "Gainera, saltzaileek erabili eta botatzeko eskularruak jarri beharko dituzte bezeroen eskura".