Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa

Lamiakoko SUGA eraikitzeko proiektua idazten ari da Ur Partzuergoak

27.05.2020 | 12:39

BILBO. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa Lamiakoko Sistema Unitarioaren Gainezkatzeen Araztegia (SUGA) eraikitzeko proiektua idazten ari da. Dagoeneko bertan dauden ponpaketa-instalazioen ondoan eraikiko da azpiegitura berria. Horri esker, tratatu gabeko gainezkatzeak saihestuko dira eta gaur egun euri asko egitenduenean itsasadarrera iristen den kutsadura-karga murriztuko da. Ur Partzuergoaren aurreikuspenen arabera, 28 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du.

Testuinguru honetan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak herritarren partaidetzarako plan bat koordinatu du Leioako Udalarekin batera. Plan horren bidez, herritarrekin eta udalerriko erakundeekin partekatu eta kontrastatu nahi dira proiektuaren nondik norakoak, bai eta proiektuari buruzko proposamenak, zalantzak eta iradokizunak jaso ere. Prozesuan aurkezten diren proposamen guztiak aztertuko dira eta, egokitasun teknikoaren eta ekonomikoaren arabera, proiektuan barne hartuko dira.

Prozesua ekainaren 1etik 24ra bitartean egingo da. Parte hartzeko bi modu egongo dira: webgunearen bidez eskuragarri egongo den galdetegi bat eta bi online saio. Lehenengo saioa ekainaren 17an izango da eta herritarrei zuzenduta egongo da; bigarren saioa, aldiz, ekainaren 18an izango da eta udalerriko erakunde eta elkarteei zuzenduko zaie. Saioak antolatu ahal izateko, parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du webgunearen bidez edo telefono-zenbaki honetara deituz. 688 736 136.

Hori baino lehen, proiektuari eta prozesu irekian parte hartzeari buruzko informazioa jasoko dute Leioako herritarrek etxean —bihartik aurrera 13.400 liburuxka bidaliko dira etxeetara—. Horren bidez, ahalik eta adostasun handiena lortu nahi da saneamendu-sistemaren baitan funtsezkoa den azpiegitura baten inguruan eta, era berean, estuarioaren ingurumen-kalitatea hobetu nahi da.

Azpiegitura berriaren baitan 25.000 m3-ko ekaitz-andel bat eraikiko da, baita euria egiten duenean ura dekantazio bidez tratatzeko errendimendu handiko instalazio bat ere, 8 m3/s-ko emaria hartzeko gai dena. Horrez gain, Lamiakoko ponpaketari 9 m3/s inguruko jasotze-gaitasuna emango zaio, horrela, bertara iristen den gehieneko emaria bultzatzeko gai izan dadin eta sarean ez dadin atxikipenik gertatu.

Euririk egiten ez duenean, itsasadarraren eskuineko ertzeko urak beste aldera eramaten dituen saneamendu-sistemak (Lamiakoko ponpatze-estazioaren bidez eramaten dira Galindoko HUAn araztuak izan daitezen) emaitza ezin hobeak ematen ditu, eta gaur egungo irtenbiderik efizienteena dugu. Hala eta guztiz ere, euria egiten duenean alternatiba hori ez da nahikoa izaten; izan ere, sare unitarioen bidez bildutako ur kopuru handia Lamiakoko ponpategira bideratzen da eta, ondorioz, edukierak gainezka egiten du eta euri-urak hondakin-urekin batera isurtzen dira itsasadarrean.

Gaur egun, urtean ehun gainezkatze inguru gertatzen direla kalkulatzen da, zeinen ondorioz eurite handiak daudenean tratatu gabeko ura itsasadarrera iristen den. Instalazio hori eraikitzearekin batera gainezkatzeak desagertuko dira, eta Nerbioi ibaiaren estuarioko ingurumena hobetuko da.

Andel berria lur azpian egongo da, euri-uren araztegia, ordea, eraikin baten barruan kokatuko da eta konfinamendu bikoitzeko sistema bat izango du; hartara, kanpora emititu baino lehen barruko airearen tratamendua optimizatu ahal izateko. Dekantazio-prozesuan sortutako lohiak Galindoko HUAra eramango dira, bertan araztuak izan daitezen. Horrela, hurbileko eremuan usain txarrak sortzeko aukerak desagertuko dira.

Aurreikusitako instalazioek ingurumen-eraginari buruzko ebaluazio-prozesua egin beharko dute, indarreko legeriari jarraiki. Instalazio horren ingurumen-eragina Hondakin Uren Araztegi (HUA) batena baino guztiz txikiagoa da —hasiera batean proiektatu zena—; izan ere, okupatutako lurzatia guztiz txikiagoa da eta instalazioaren zatirik handiena lur azpian geratuko da edoeraikin baten barruan konfinatuko da.

AURREKARIAK

Behe Nerbioi-Ibaizabalgo Sistemako Saneamendu Plan Integrala osatu ostean, azken urteotan Bizkaiko ibilguen uraren kalitatea hobetu egin da eta, ondorioz, baita animalia eta landare espezieen kopurua handitu ere. Hori dela eta, noizean behin gerta daitezkeen saneamendu-sistemako isuriek ondorio larriak izan ditzakete ingurune hartzailean. Egoera mota horiek 1290/2012 Errege Dekretuan araututa daude. Bertan, Europako zuzentarauei jarraiki, saneamendu-sistema unitarioetako gainezkatzeen ondorioz sortutako kutsaduramurrizteko neurriak hartu behar direla exijitzen da.

Betekizun horiek betetzeko asmoz, 2015. urteaz geroztik Ur Partzuergoak Lamiakoko sistemaren modelizazio-azterlan batzuk egin eta hainbat irtenbideaztertu ditu. Eskuratutako emaitzetatik ondorioztatu da tratatu gabeko isuriak murrizteko aukerarik onena errendimendu handiko dekantazioa eraikitzea delaeta, era berean, ura biltzeko andelen edukia handitzea; hain zuzen ere, proiektu honetan aurreikusi dena.

noticias de deia