ERMUA. Nahiz eta koronabirusaren krisiaren ondorioz mugikortasuna murriztu egin den, KZguneak bere zerbitzuak eskaintzen jarraituko duela azaleratu du. Hala, telematikoki jarraituko dute lanean, eta jendearen zalantza guztiak digitalki argituko dituzte.
Hori horrela, KZguneak herritarren zalantza teknologikoak argitzeko sistema prestatu du, zentroetara aurrez aurre joan beharrik ez izateko, baina zerbitzua behar duten erabiltzaileentzako errazak diren kanalen bitartez. Beraz, arreta telefonoz edota posta elektronikoaren bidez eskainiko da.
Kontsultarako ordutegia astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Ermuko zentroari dagokionez, harremanetarako telefonoa 944 033 345 da, eta helbide elektronikoa, aldiz, tutor.ermua@kzgunea.net. KZgunea zentro guztietako helbide eta telefonoak ikusteko, sakatu hemen.
ZER NOLAKO KONTSULTAK EGIN AHAL DIRA?
Hainbat kontsulta-bide daude zabalik euskarri honen bidez; horietako bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakaskuntza-jarduerarekin %100ean online jarraitzeko hartutako erabakiarekin lotuta dago.
Era berean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei (IKT) buruzko edozein zalantza argitzeko laguntza behar duen edonork telefonoz edo posta elektronikoz egin dezake kontsulta.
KZguneak funtsezkotzat jotzen du online erosketetan, banku-izapideetan, Osasun-karpeta sarbidean, Osakidetzako aplikazioen erabileran eta abarretan laguntza behar duten kolektiboei babesa ematea, batez ere, adineko pertsonei.
Izan ere, orain, bai ala bai etxetik egin behar dira eragiketa horiek, eta jende askok ez daki ondo nola erabili behar diren tresna horiek.
Adinekoen egoitzek behar duten babesa ere eman dezake KZguneak, senideen eta egoiliarren artean bideokonferentziak egiteko.
Erabiltzaileak telefonoa eta posta elektronikoa erabiltzera animatzen ditu KZguneak, zalantzak argitzen lagunduko eta ezohiko epealdi hau ahalik eta modu errazenean igarotzeko.