BASAURI. Basauri reggae musika dantzatzen ibiliko da berriro ere. Hilaren 14ean Roots Parkea reggae jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko da Basozelai Gizarte Etxean, Ras Daniel Ray musikariaren parte hartzearekin gainera. Jamaikarra izango da kartel-burua. Honekin batera, Selektah Stepi, Salda Dago eta Aiaraldeko Sound System taldeak etorriko dira Basaurira, 20:00etan hasiko den jaialdi honetara.

Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuak, ZirtZartek, eta Arrazakeriaren Kontrako Musika kultura-elkarteak antolatu dute ekimena, Kultur Basauriren laguntzarekin. Sarrerak 7 eurotan saltzen dira eta edaria barne egongo da. Gizarte Etxean bertan daude salgai eta plaza kopuru mugatua dago.

“Ras Daniel Ray abeslari jamaikarra Kingstoneko kaleetan hasi zen sound system formatuko musika industrian etorkizuna eraikitzen, Kilimanjaro Sound kolektiboaren baitan. Bertan, besteak beste, Ninjaman, Supacat, Early B edota Shabba Ranks ere baziren kide”, diote antolakuntzatik.

Gaur egun, Erresuma Batua eta Frantzia artean bizi da eta proiektu gehienak herrialde horietan garatzen ditu. Gainera, “aipatzekoa da zuzenekoak eskaini izan dituela Dennis Brown, John Holt eta Jahmali puntako izarrekin batera, eta Europa mailan egindako biran Beres Hammond ospe-tsuaren gonbidatua izan dela”.

Beste alde batetik, euskal taldeak arituko dira jaialdian. “Inor Euskal Herri mailan kultura jamaikarraz blai, hezi eta berau eskaintzeko era ulertu baldin badu, hori Selektah Stepi da”. Salda Dago abeslari plentziarra ere igoko da eszenatokira eta azkenik, Aiaraldeko Sound System.