BILBO. Trafikoa asko hobetu da Kukularrako lotunea eraberritzeko proiektuaren lehen faseko lanei esker. Obren helburua da BI-637 eta N-637 errepideen arteko lotuneko trafikoa arintzea Errontegi-Enekuri-Erletxe norabidean. Egunero 135.000 ibilgailu ibiltzen dira bertatik.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak esan du pozik dagoela obra konplexu horren lehen ondorio positiboekin. Imanol Pradalesek adierazi du lehenengo fasean N-637 errepidean bakarrik egin dela lan eta egungo trazadura ez dela ukitu; nolanahi ere, esan du, dagoeneko nahiko hobetu dira Errontegi-Asua/Enekuri arteko joan-etorriak.

"Bizkaiko komunikazio-gurutzagune garrantzitsuenetako batean (bertatik, egunero, 135.000 ibilgailu igarotzen dira) bide-mugikortasuna eta -segurtasuna hobetzeko eta pilaketak eta bidaien denborak murrizteko diseinaturiko obra da. Trafikoaren arintasunean, hobekuntzak puntako orduetan gertatu dira batik bat, hau da, pilaketak izaten diren orduetan&", adierazi du. Arintasunaren hobekuntza honetan igartzen da: gidariek ibilgailuen abiadura bat-batean geldiarazi behar duten aldia 3 ordutik ordubetera murriztu da, eta abiadura lehen baino gutxiago moteltzen da, gainera.

Beste alde batetik, Kukularrako lotunea eraberritzeko lanen lehen fasea amaitu ondoren Errontegiko zubian zehar Gurutzeta - Kukularra norabidean dabiltzan ibilgailuen batez besteko abiadura orduko 15 km handiagoa da puntako orduetan. Horri esker erabiltzaileek batez beste 6 minutu gutxiago eman behar izan dituzte bidaian lanegunetako goizetako puntako orduetan. Aurrezpen hori sarea erabiltzen duten pertsona guztietara eta urteko ordu guztietara zabalduz gero, guztira urtean gidariek 100.000 ordu gutxiago emango lituzkete bidean, eta horren mozkin soziala 1,2 miloi euro izango litzateke, orduaren balioa 12 eurotan finkatuta.

Sarearen ahalmena dela eta, lehen fasea amaitu ondoren lotunean zehar ibilgailu gehiago ibil daitezke Txorierrira doan adarrean eta Errontegitik sartzen den adarrean. Horri esker puntako orduetan ibilgailu gehiago dabiltza Kukularrako lotunean Errontegitik Txorierrira eta Enekurira. Beste alde batetik, Max Center/Bilbo/Barakaldo - Txorierri/Enekuri arteko trafikoa intentsuagoa izateak ez du ia eraginik ere eduki beste errepide tarte batzuetako trafikoan, La Avanzadan eta Max Center-eko zuzenaren eta Bilbo artean, esaterako.

Obra bat, bi fase

Kukularrako lotunea eraberritzeko obra oso handia da eta bi fasetan zatitu da. Obra honen bidez BI-637 eta N-637 errepideen arteko lotuneko trafikoa arinduko da Errontegi-Enekuri-Erletxe norabidean.

Bigarren faseko lanak urriaren hasiera hasiko dira. Lizitazioaren aurrekontua 10.062.693 euro da (BEZa barne) eta lanak 21 hiletan amaituko direla aurreikusi da.