BILBO. Bizkaibusek bidaiarien herri arteko garraio zerbitzuaren webgunea berritu du, “Eman izena zure lineako abisuetan” funtzionaltasun berriarekin. Funtzionaltasun honekin errazagoa da gaurtik aurrera bidaia planifikatzea.

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak Bizkaibuseko webgunea berritzeko lana osatu du, haren erabilgarritasuna hobetuz eta diseinu moderno eta garaikideagoa emanez, Bizkaiko Foru Aldundiaren irudi korporatiboaren arabera.

Webgune digital berriak ahalbidetzen du Bizkaibuseko autobusen lineak, ibilbideak, ordutegiak, tarifak eta igarotze denborak kontsultatzea eta ibilbideak modu azkar eta errazean planifikatzea. Gainera, hemendik aurrera, nahi duten pertsonek informazioa zuzenean jaso ahalko dute eskuarki erabili ohi dituzten lineei eragiten dieten aldaketen inguruan.

Horretarako, funtzionaltasun berria ezarri da, "Eman izena zure lineako abisuetan" aukera, hain zuzen; gauzak horrela, hala eskatzen duten erabiltzaileek e-mail bat jasoko dute zerbitzuari eragiten dieten aldaketen edo gorabeheren berri emanez. Adibidez, hori udan eta neguan gertatu ohi da, linea askoren ordutegiak aldatzen direnean; edo unibertsitateko ikasturtearen hasieran, garai horretan gazte ugarik jakin nahi baitute noiz jarriko diren abian Leioako Campusera iristen diren lineak; edo istripu edo elurte baten ondorioz, zerbitzuak aldatzen direnean. Beraz, aukera hau erabiliz, beste kanal batzuen bidez (telefonoaren edo sare sozialen bidez) eskaintzen den arreta indartzen da.

JATORRIA ETA HELMUGA

Webgune berriak ahalbidetzen du pertsona guztiek erraz eta azkar jakitea zeintzuk diren ibilbide bat egiteko linea onenak edo jatorritik edo helmugatik dituen geltoki hurbilenak, bilaketa finduz parametro gehigarriak diren data eta orduarekin. Horretarako, webguneak lehenengo ibilbide erabilgarria duen mapa bat erakutsiko du, betiere geltokiak, distantziak, bidaia egiteko denbora guztia eta linearen PDFekiko hiperestekak azalduz. Gainera, alboko panel batean ibilbidearen desglosea erakutsiko da, bai eta ibilbide alternatiboak hautatzeko aukera ere.

Gainera, lineen bilaketak udalerrien arabera ez eze lurraldeko toki garrantzitsuen arabera ere egin ahalko dira (ospitaleak, unibertsitate zentroak edo zentro turistikoak, Googleren zerbitzuekin bat etorriz).

Maparen gainean azalduko diren geltoki ikonoetan sakatuta, erabiltzaileek jakin ahalko dute zeintzuk diren iristeko dauden autobusak edo zein den autobusa iristea aurreikusten den ordua; halaber, ibilbidea osatzen duten linea guztien autobusen kokapen erreala ezagutu ahalko da. Gainera, geltokiaren 360 graduko ikuspegi panoramikoa ahalbidetzen du, StreetView sistema erabiliz.

Irisgarritasunari buruzko informazioa ere zaindu da; izan ere, beharrezko informazioa jaso da geldialdi bakoitzari buruz, mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarria den ala ez adieraziz. Bestalde, webguneak berak ere irisgarritasun arloan beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu.

Hala, adibidez, pertsona batek Ondarroatik Lanestosara joan nahi badu, bidaia planifikatu ahalko du arazorik gabe, eta, gainera, hori egin ahalko du bidaiatu nahi duen dataren eta orduaren arabera. Izan ere, webguneak mapa bat eskainiko dio ibilbidea egiten duten lineak, ibilbide ordutegiak eta geldialdiak azalduz; halaber, aplikatzen diren tarifak ere kontsultatu ahalko ditu.

Horren guztiaren helburua da garraio publiko bidezko mugikortasuna erraztea; izan ere, Bizkaian 100 linea baino gehiago ditugu funtzionamenduan eta zerbitzua Bizkaiko udalerri guztietara iristen da Arakaldora izan ezik, eta iaz 28 erabiltzaile baino gehiago mugitu zituen, historiako daturik onena lortuz. "Etengabe hazten ari den garraio zerbitzua, lurraldeko bazter guztietara ailegatzen dena" azpimarratu nahi izan du Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatuak, Miguel Ángel Gómez Viar jaunak. "Horregatik, Bizkaibusek herritarrekin komunikatzeko dituen lanabes guzti-guztiak berritzeko eta eguneratzeko egindako ahaleginak".

Zentzu honetan, gogorarazi beharra dago 2015eko azaroan Bizkaibusek bere profil ofizialak jarri zituela sare sozialetan, bai Twitter-en bai Facebook-en. Horren ondoren, 2016ko otsailean 946 125 555 telefonoa martxan jarri zen Bizkaibuseko doako aterpenerako telefono berri gisa (902 222 265 telefonoa ordezkatuz) eta, azkenik, 2017ko apirilean Bizkaibuseko APP berritu zen, data zehatz baten arabera linearen ordutegiak ezagutzea ahalbidetzen duen funtzionaltasuna hobetzeko eta Burdinazko Mendien Bide Berdeari buruzko informazioa jasotzeko.

Webgunea gaurtik erabilgarri dago https://web.bizkaia.eus/eu/web/bizkaibus helbidean.