BILBO. Eskuinaldean itsasadarraren azpiko tunelaren ibilbidea zehaztuko duten hamar zundaketa egingo dira. Unai Rementeriak azaldu du zundaketak baliagarriak izango direla Arrontegiren hautabidearen ibilbidea zehazteko.

"Orain dela hilabete batzuk, lehenengo laginak egin genituen itsasadarrean hondoa nolakoa zen eta tunela nondik egin ahalko litzatekeen ikusteko. 70 tonako plataforma batekin eta 32 metroko hankekin egin genituen. Hamar lagin egin genituen hor behean zer zegoen ikusteko. 54 metrorainoko hankak beherantz. Itsaspeko tunel bat egiteko material onena harria da. Eta harria Lamiakoko dartsenaren inguruan dagoela ohartu gara. Sakonera egokian dagoen kalitatezko harria da. Datorren astean beste urrats bat egingo dugu. Lurreko laginekin hasiko gara, hemen, Eskuinaldean. Badakigu ur azpian zer dagoen eta orain ertzetan zer dagoen jakin behar dugu. Hamar lagin egitea aurreikusten dugu, baina teknikarien arabera, 5 edo 6rekin nahikoa izango da. Eta lagin horien arabera behin betiko ibilbidea zehaztu ahalko dugu. Baina gauza bat argi daukagu: tunel hori Artatzan hasiko dela eta Ballontiko biribilgunean irtengo dela", baieztatu du Rementeriak.

Getxoko bizilagunekin egindako batzar batean, ahaldun nagusiak Arrontegiko zubiarentzako hautabide bat bilatzeko beharra azpimarratu du. Era berean, ur azpiko tunela, Supersurraren handitzearekin batera, auto-ilaren kontrako bultzagarri handi bat izango dela eta lurraldeko mugikortasuna erabat aldatuko duela gogorarazi du. "Gure sarean askatu behar ditugun korapiloetako bat Avanzadaren eta Arrontegiren artekoa da. Badakigu, korapilo bat da. Eta proiektu handi bat daukagu hori askatzeko: itsasadarraren azpitik joango den tunela. Hori obra handi bat izango da benetan eta Eskuinaldean eta Bizkaian mugikortasuna asko hobetuko duela espero dut. Eta eskualde honetako bizi-kalitatea asko hobetuko duela. Ziur nago Bizkaia asaldatuko duela. Horren beharra dugu; ezin dugu bi aldeen lotura guztia Arrontegin pilatu. Beste hautabide baten beharra daukagu. Eta tunela hautabide bat baino gehiago izango da. Supersurraren bigarren fasearekin batera, Bizkaiko saihesbide handia izango da. Ibilgailuak herrietatik atera eta zuzenean A-8ra edo AP-68ra eramango dituen saihesbidea", azaldu du.

Ibilgailuen pilaketen aurkako Plan Integrala

Itsasadarraren azpiko tunela eta Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea bi obra osagarri dira, Metropoliaren aldeko Bizkaian ibilgailuen pilaketen arazoari dagokionez irtenbide integrala eskainiko dutenak. Bi jarduketa horien inbertsoa, guztira, 580 milioi eurokoa da eta era mailakatuan jarriko dira abian: horrela, Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea 2023. urtearen inguruan egon daiteke abian eta tunela, arinen jota, 2027an.

Azterlan teknikoen arabera egunero 53.000 ibilgailu izango dira itsasadarraren azpiko tunela erabiliko dutenak; ordea, Hegoaldeko Saihesbidearen kasuan 24.000 ibilgailu izango dira. Halaber, egin diren kalkulu teknikoen arabera tunelak 17.500 ibilgailu kenduko ditu A8 autobidetik Max Center aldean, 41.000 Arrontegitik eta 38.000 La Avanzadatik.

Supersurra handitzeko obrak pasa den urtarrilean hasi ziren Peñascaleko lotunean.