BILBO. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta EHUk lankidetza-hitzarmena berritu dute Galindoko eltxoak arintzeko plana aurrera eramateko. Hitzarmen honen bidez 33.000 euro inbertituko dira 2019an. Gainera, beste 20.000 euro bideratuko dira fumigatzeko eta larbizidak aplikatzeko.

Itunaren bidez, dagoeneko jarrita dauden tranpetan argi zuria ipiniko da argi ultramoreaz gain; izan ere, argi horren ezarpen esperimentalaren bidez frogatu egin da bi aldiz indibiduo heldu gehiago harrapa daitezkeela.

014az geroztik, hau da, eltxo kopurua arintzeko neurriak nabarmen areagotu zirenetik eta lehenengo populazio-emaitzak eskuratu zirenetik, eltxo arrunt helduak % 48 murriztea lortu da (larben % 89), baita kironomido helduak % 69 gutxiagotzea ere, ziztatzen ez duen eltxo gisa ezagutzen ditugunak (larba-populazioaren % 72). Hitzarmen berri honen helburua, hain zuzen ere, eltxo-populazioaren jarraipena egitea da, intsektu-komunitateak eta aplikatutako neurrien eraginkortasuna gainbegiratzeko.

Ikerketa zientifiko zorrotz baten baitan, zeinak hasieratik UPV/EHUko Zientzia eta Biologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailaren laguntza izan duen, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Galindoko HUAko Eltxoen Populazioak Arintzeko Estrategia jarri zuen martxan 2012an. Orduan, azterlan bat egin zen, araztegiko eta araztegiaren inguruko intsektu-populazioen fokuak eta jatorria identifikatzeko, horien populazio-osaera karakterizatzeko eta osasun publikoan izan zezaketen eragina ezagutzeko.

Horrela egiaztatu zen eltxoen fauna, funtsean, HUAko ur araztuaren dekantazio-tangetan sortzen dela eta gehienak eltxo arruntak direla (kulizidoak). Horrez gain, beste intsektu mota bat ere identifikatu zen: kironomidoak. Azken horiek eltxoekin nahasi ohi ditugu, forma eta hegan egiteko antzeko modua dutelako; hala ere, intsektu horiek ez dute ziztatzen, nahiz eta aztoramendu soziala eta trabak eragin ditzaketen. Hori dela eta, hartutako neurriek kironomidoen populazioa gutxiagotzea dute xede.

Programa honen baitan, Ur Partzuergoak garbiketa-sistema automatiko bat ezarri zuen, ur kloratua botatzen duten txorroten bidezkoa, hartara, eltxoen larbak garatzea saihesteko. Araztutako ura dekantatzeko tangen eremuan egindako hobekuntza-obretan 120.000 euro inbertitu ziren. Neurri hori osatze aldera, dekantazio-tangetan hazten diren algak eta landare akuatikoak kentzen eta aldizka garbitzen dira. Gainera, beste neurri osagarri batzuk ere hartzen dira, besteak beste: zuhaitz- eta zuhaixka-eremuak fumigatzea, tranpa gehiago jartzea eta larbizida biologikoak erabiltzea, populazio heldugabeak kontrolatzeko.