BILBAO. Itziar Urtasun Jaietako Saileko zinegotzia eta Jaietako Batzorde Mistoko presidentea desfilean izan da. Albia lorategian hasi eta Kale Nagusian behera Zazpi Kaleetarantz abiatu da desfilea, Plaza Barrian amaitzeko; han txokolatea eta bizkotxoak banatu dira, desfilearen ondoren indarrak berreskuratzeko.

Mozorro koloretsuak soinean, une horretan uriko kale nagusian joan-etorrian zebilen jendearen arreta jaso dute umeek. Gainera, ez dira musika eta antzerki-animazioa falta izan.

Eskola hauetako umeak izan dira desfilean parte hartu dutenak: Artxandape Ikastola, Ave María, Iparragirre Ikastola, García Rivero maisuaren eskola, Presentación de María eta Mugika Eskola.

Otsailaren 28ra bitartean egingo diren 2017ko Aratusteetan askotariko programazioa eta kalitatekoa diseinatu da. Kontzertuak, dantza-ikuskizunak eta lehiaketak, adin guztietako pertsonentzat; guztira, 50 jarduera jai anitz eta parte-hartzaile hauetan ondo pasatzeko.

FAMILIA OSOARENTZAKO JARDUEREZ GAINEZKA DATOR ASTEBURUA

Baina umeentzako jarduerak ez dira desfilearekin amaituko. Asteburua familia osoarentzako jardueraz gainezka dator: puzgarriak, tailerrak, erraldoiak eta buruhandiak eta musika eta antzerkiko ikuskizunak izango ditugu urian han eta hemen.

Zapatuan, Aratusteetako klasikoa den Gargantua egongo da jarrita Zabalguneko plazan, goizez 12:00etatik 14:30era eta arratsaldez, 16:30etik 19:30era bitartean. Harekin batera, puzgarriak eta umeentzako tailerrak.

Zapatuan, 12:00etatik aurrera, erraldoiak, gaiteroak eta fanfarreak izango ditugu. Plaza Biribilean abiatu eta Aratusteetako esparruan zehar ibiliko dira. Albia lorategian, berriz, Zirika zirkua eta hainbat kontzertu.

Era berean, Zabalguneko eraikinean “El Bosque Encantado” antzezlana eskainiko da familiarentzat, hiru saiotan: 13:00etan, euskaraz, eta zeinuen hizkuntzan, interpretearekin; 16:30ean, gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz. Sarrera dohainik izango da, eta leku guztiak bete arte.

Domekan, Gargantua Arriaga plazara ekarriko dute 12:00etan eta 12:00etatik 14:00etara bitartean, Erraldoiak eta Buruhandiak Areatzatik Arriaga plazaraino umeei eta nagusiei atzetik segika ibiliko zaizkie.

Astelehenean, hilak 27, eguerdiko 12:30ean, Plaza Barriko Karpan Bilboko Udalaren bandaren kontzertua, Patxi Gonzalezekin, familientzat, eta 17:00etatik 20:00etara, puzgarriak eta umeentzako jolasak eta tailerrak.