Mungia - Larunbat honetan Mungiako Uriguen parkea kolorez eta animazioz beteko da ume eta gaztetxoei zuzendutako Hiru3 Jaia jasoko baitu. Bertan, hainbat aktibitate, puzgarri, jolas, tailer eta abar egongo dira. Horrez gain, 3txulotarrekin batera 3txulo saioaren grabazioa egingo da.
Haurrei zuzendutako jaialdi hau ETB3 kateko Hiru3 Haur Komunitateak antolatu du. Urtero egiten duten jai erraldoia da eta aurtengoan Mungian gauzatuko da. Goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak arte gelditu gabeko jai giroa egongo da bada ere, ETB3-ko 3txulo saioaren grabazioa 12:30etan egingo da zuzenean. Horretarako, eszenatoki dotore bat jarriko da eta saio honetako partaide batzuk etorriko dira umeekin jolastera: Bittor (2ttor) iraganetik dator eta nahiko baldarra bada ere oso ausarta da; Laura (4ra) etorkizunetik heldu da eta alaia izateaz gain kirola egitea eta osasuna zaintzea garrantzitsuak dira berarentzat; Ixabel (Xbel) gaur egungoa da eta ikaragarri gustatzen zaio abestea eta marraztea; Gorritxo denboragabea da eta jolastea gustuko izateaz gain oso bizkorra da; Sasi eta Laino noizkoak diren inork ez dakien galtzerdi parea dira eta bat oso pesimista den arren bestea ameslari hutsa da. Otsailaren 22tik aurrera 3txulotarrak ezagunak egin dira ETB3ko saioaren bidez umeen artean.
Saio hau, Hiru3 komunitatean murgilduta dago. EITB taldeak sortutako komunitate berri honek, Betizu Klubaren erreleboa hartu du. Era honetan, 0 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta, internet eta teknologia berriak oinarri izango dituen komunitatea sortu dute. Hiru3ren bazkide egiten diren umeek hainbat abantaila izango dituzte, beste batzuen artean, zozketetan, lehiaketa berezietan eta jokoetan parte hartzea. Gainera, urteak betetzen dituztenean opariak jasoko dituzte.
Betizu Klubeko bazkideak zirenak automatikoki Hiru3 komunitateko kide bilakatu dira. Bazkide berria izan nahi dutenek, Hiru3ren webgunean dagoen dokumentua bete eta bertan jar-tzen duen helbidera bidali behar dute.
Dena dela, 3txulotarren saioaren grabazioaz gain, Hiru Jaiak hainbat aktibitate eta jolas eskainiko ditu Urigueneko parkean eta Izenaduba Basoan larunbatean. Besteak beste, goiz osoan zehar, puzgarriak, jolasgunea, denboraren makinan aurrera eta atzera egiteko aukera, photocall-a, tailerrak, Eusko Labeleko haragiarekin egindako hanburgesa postua, freskagarriak eta jarduera bereziak euskal mitologia eta tradizioa uztartuta, kale animazioa, txaranga batekin batera egindako kalejira eta opari zein sorpresak egongo dira. - Z. Rementeria