desagertzeko arriskuan badago ere eta gazte askok ezagutzen ez duten arren, bola jokoa Arratia eta Euskal Herriko kulturaren partea da. Gaur bertan bere hitzordu garrantzitsuenetako bat dauka, Zeanurin. Herriko zazpi kofradiek hartuko dute parte arratsaldeko 18:00etatik aurrera Altsustako bolatokian izango den txapelketan.
Auzuneak ordezkatzen duten talde bakoitzean lau bolari izango dira eta bakoitzak sei jaurtiketa izango ditu. Taldekide guztiek botatako txirloak hartuko dira kontuan lehian. Antolakuntzatik diotenez, “gaur egun bola jokoa udan eta auzo bakar batzuetako jaietan baino ez da jokatzen da, gazteen parte-hartze txikiarekin”. Hori dela eta, gazteak nahi dituzte erakarri, kirol herrikoi honetan murgil daitezen. Juantxo Ozerinjauregik dioenez, “datorren udari begira umeen-tzat txapelketa antolatuko da”. “Ea gazteak animatzen diren eta gure-gurea den kirol bati, bolari, ez diogun desagertzen ixten”, adierazi zuen.
Zeanuriko Udala eta Altzustako Ellauri Hoteleko Kiloterdi jatetxea dira ekimen hone babesle nagusiak eta, horiei esker, sari ederrak banatu ahal izango dira: talde irabazlearentzat, 120 euro eta kilo eta erdiko txuleta jateko aukera Kiloterdi jatetxean; bigarrenarentzat, 100 euro; eta hirugarrenarentzat, 80 euro. Txapelketa amaitutakoan paellada izango da auzoko txokoan.
Beraz, aukera paregabea dago gaur arratsaldean kirol ezberdin bat ezagutzeko, giro ezinhobean, eta eskuzuloak, txorra, sinka, hirukoa, txakile edo arrapea bezalako berbak entzuteko.