Mundaka. Atun eta patata usaina izango du gaur Mundakako Abuztu Kulturalak, izan ere marmitako txapelketak zentratuko du goizeko egitaraua. Parte hartzaileek herriko bazter guztiak beteko dituzte euren gisatua prestatu eta 13:00etatik 13:20etara bitartean udaletxeko plazan epaimahaiaren aurrean aurkeztuko duten arte.
Arratsalde partean kirola nagusituko da, 18:00etatik aurrera frontoian jokatuko diren esku pilota partidekin. Bertan Berasaluze IX eta Peñagarikanok Antxia eta Borgoñes izango dituzte aurrez aurre. Egunari amaiera emateko, gaueko 00:00etan Larraindantza herrikoia egingo dute plazan. Bertan nahi duenak har dezake parte, baina asteon Gazte Zar taldekoek eskaini dituzten ikastaroetara joan direnek luzimendurako aukera gehiago izango dute.
Biharkoan Mundakako XIV. estropadak nabarmentzen dira egitarauan. Goizeko 11:30etik aurrera bere barnean mundakarren trainerua hartzen duen ARC-2 ligako norgehiagoka korrituko da bertako uretan. Kale animaziorik ez da faltako goizean zehar, Gazte Zar dan-tza taldekoek euren saioa eskainiko dutelako meza ostean.
Abuztu Kulturaleko emanaldiak hilabete amaierara arte luzatuko dira, lehenengo asteartean, kultur etxean Jon Cortazarrek Guridiren 'El Caserio' lanaren inguruan eskainiko duen hitzaldiarekin -19:30ean- eta azkenik, ostiralean egingo den txitxarro txapelketarekin.