Lezamako Kurtzeko auzoa jai-giroan murgilduko da bihartik hasita
Asteartean idi probak izango dira eta sorginen lehiaketa berezia antolatu dute larunbatean
Lezama. Lezaman jai-giroak ez du etenik. Oraindik Andramarien arrastoa sentitzen den arren, arnas hartzeko aukerarik ez dago. Oraingoan, Kurtzeko auzoak bere jaiak ospatzeari ekingo dio, Santa Kurtze. Bihartik hasita, aukera ezberdinak izango dituzte auzotarrek. Programa berezia prestatu dute jada eta bihar arratsaldean txupinazoa jaurtiko dute, hasiera emateko. Jaietako jardunaldi guztietan ere, odolosteak egongo dira auzoko tabernatatik.
Asteartean ospatuko dute lezamarrek Santa Kurtze eguna. Ohi bezala, meza nagusia izango dute, auzoko baselizan. Ondoren auzokoentzako luntxa antolatuko dute, trikitixaren soinuaz alaituta. Egun bereziari amaiera emateko, idi probak ere izango dira bertan. Aurten hogeita hamaseigarren edizioa prestatu dute. Egunsenti partean izango da.
Kurtzeko auzotarrak eta orokorrean lezamar orok, eta baita Txorierriko gainontzeko herrietatik hurbiltzen direnek ere, datorren asteburuko larunbatean, hilaren 18an hain zuzen, emango diote bukaera jaiei. Arratsaldeari ekiteko, mus txapelketa antolatu dute lehenengo. Poniak, basurdeak, zezentxoak eta bestelako animaliak ikusteko aukera egongo da, bereziki umeentzako erakustaldian. Kurtzeko Ermitako aterpean, sorginen lehen lehiaketa antolatu dute arratsaldean ere. Sorginen erakusketa baselizako landan izango da, sari banaketa ere han izango delarik. Diskofesta jaialdi berezia ere izango da eta DJ Xaibor gernikarrak hurbilduko du gaua heldu orduko. Amaitzean, sorginen erreketari ekingo diote eta su artifizialen erakustaldia ere eskainiko da.