Síguenos en redes sociales:

Kaleko antzerkiak eta kaleko arteek protagonismoa hartuko dute Aste Nagusian

Bilboko Udalak 23 ikuskizun antolatu ditu abuztuaren 23tik 30era

Kaleko antzerkiak eta kaleko arteek protagonismoa hartuko dute Aste NagusianB. U.

Bizikidetasun Plaza eta Doña Casilda Parkeko Pergola izango dira aurten ere kaleko antzerki eta kaleko arteen agertoki nagusia Aste Nagusian. Abuztuaren 23tik 30era bitartean, Bilboko Udalak doako 23 ikuskizun eskainiko ditu, zirku garaikidea, umorea, akrobaziak eta keinu-antzerkia protagonistak izango direlarik.

Programazioak zirku garaikidea, antzerki bisuala, clowna, magia, akrobaziak eta inprobisazioa uztartzen dituzten proposamenak bilduko ditu, Euskadiko 4 konpainiaren, Estatuko 8ren eta nazioarteko 3ren eskutik. Umorea, emozioa eta publikoaren parte-hartzea uztartzen dituzten ikuskizunen bidez, zortzi egunez, konpainiek egunerokotasuna, bizikidetza, aniztasuna, teknologia edo norberaren eraldaketa bezalako gaiei buruz hausnartzera gonbidatuko dute publikoa, kaleko arteek harritzeko, hunkitzeko eta espazio publikoa adin guztietako pertsonentzako topagune eta gozamen partekaturako gune bihurtzeko duten gaitasuna erakutsiz.

Adin guztientzako askotariko proposamena

Egitarauari hasiera emango dio Cia Trotamundos euskal konpainiak "Finito-Infinito" ikuskizunarekin, abuztuaren 23an, igandea, 12:30ean, Bizikidetasun Plazan. Jardunaldiak jarraipena izango du Bot Project valentziar eta kataluniar konpainiaren "Collage 2024" ohe-elastikoko ikuskizunarekin; akrobaziak, umorea eta orekak uztartzen dituen proposamena 19:30ean izango da Pergolan. Eguna amaitzeko, Madrilgo Al Tran Tran konpainiak "Los trovadores urbanos" eskainiko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan; publikoaren proposamenetatik abiatuta sortutako musika-inprobisazioko ikuskizuna.

Abuztuaren 24an, astelehena, Bot Project konpainiak "Collage 2024" ikuskizunaren bigarren emanaldia eskainiko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan. Bestalde, Txema Muñoz (Katalunia) artistak "Gota" ikuskizuneko magia eta antzerki bisuala hurbilduko ditu, 12:30ean Bizikidetasun Plazan eta 19:30ean Pergolan izango diren emanaldietan.

Programazioak abuztuaren 25ean, asteartea, jarraituko du Pere Hosta (Katalunia) artistarekin. "Woof" clown ikuskizunean txakurren unibertsoa taularatuko du, 12:30ean Bizikidetasun Plazan eta 19:30ean Pergolan. Gau berean, 21:15ean, Nacho Flores (Katalunia) arituko da Bizikidetasun Plazan "Domte" zirku garaikideko piezarekin, iruditeria mitologikoan inspiratutako proposamena.

Abuztuaren 26an, asteazkena, Colectivo Mur (Katalunia) konpainiaren txanda izango da. Giza harremanei eta aniztasunari buruzko "Únicos" ikuskizun inklusiboa eskainiko du 12:30ean Bizikidetasun Plazan. Arratsaldean, Ameztu Antzerkia euskal konpainiak "Kay Robot" txotxongilo-komedia eskainiko du 19:30ean Pergolan. Eguna amaitzeko, Cia Capicua (Aragoi) konpainiak "Ruta" aurkeztuko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan; 66 Ibilbide mitikoko gasolina-zerbitzugune zahar batean girotutako zirku garaikideko proposamena.

Aurreko Aste Nagusian egindako ikuskizun bat.

Abuztuaren 27an, osteguna, nazioarteko Trio Wise Fools (Finlandia/Hegoafrika) konpainiak "Hot & Cold" ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko ditu, 12:30ean eta 21:15ean, Bizikidetasun Plazan. Akrobaziak, musika eta umorea uztartzen dituen ikuskizuna da. Horrez gain, Cia Capicua konpainiak "Ruta" Pergolara eramango du, 19:30ean.

Abuztuaren 28an, ostirala, Flying Pikmis kataluniar konpainiak "Eh?!" aurkeztuko du; eguneroko lana zirku eta umore ariketa bihurtzen duen proposamena. Emanaldiak 12:30ean eta 21:15ean izango dira Bizikidetasun Plazan. Bestalde, Tutik Clowns euskal konpainiak bere 30. urteurrena ospatuko du "Ekilikua" ikuskizunarekin, 19:30ean Pergolan.

Programazioaren azken txanpa abuztuaren 29an, larunbata, iritsiko da Kiai (Frantzia) konpainiarekin. "Pulse" akrobazia kolektiboko ikuskizun biziak grabitateari erronka egingo dio, 12:30ean eta 21:15ean Bizikidetasun Plazan izango diren bi emanaldietan. Egun berean, BilbokoOrain Bi konpainia Aste Nagusira itzuliko da "Mute" ikuskizunarekin; 2022ko Leioako Umore Azokako Ikuskizun Onenaren Saria irabazi zuen lana 19:30ean izango da Pergolan.

Programazioa abuztuaren 30ean, igandea, amaituko da Tomate Clown artista argentinarrarekin. "Pasen y vean" ikuskizunak emango dio amaiera aurtengo Kaleko Antzerki eta Arteen programari. Komedia fisikoa eta puxikekin egindako eskulturak uztartzen dituen muntaketa sarituak hogei herrialde baino gehiagotan egin du bira. Emanaldia 12:30ean izango da Bizikidetasun Plazan.