Urtero bezala, Bilbok partaidetza izan du Diversit-ek eta Castelló de la Planako Udalak antolatutako Zurrumurruen aurkako Gazteen Goi-Bileran. Aurten ekimen honen bederatzigarren edizioa ospatu da, eta uriko bost gaztek hartu dute parte.
Estatuko hamabi lurraldetatik etorritako 70 gaztek baino gehiagok lau egunez partekatu zituzten bizikidetza indartzeko, desinformazioari aurre egiteko eta komunitate inklusiboagoak eta kohesionatuagoak sustatzeko esperientziak, tresnak eta proposamenak.
Bilboren parte-hartzeak agerian uzten du giza eskubideetan, berdintasunean eta gazteen parte-hartzean oinarritutako kulturarteko bizikidetza sustatzeko udalerriak duen konpromisoa, gazteak gizarte-eraldaketarako eragile direlakoan.
Goi-bileran zehar, Bilboko ordezkaritzak hainbat tailerretan parte hartu du: demokrazia eta parte-hartzea, zurrumurruen aurkako ekintzen diseinua, komunikazio eraldatzailea, eragin politikoa, tokiko taldeak indartzea eta narratiba alternatiboak eraikitzea gorroto-aurreiritzien eta -diskurtsoen aurrean. Gainera, proposamen berriak diseinatzen lagundu du, datozen hilabeteetan toki-eremutik garatu ahal izango direnak.
Ekimen berritzaileak
Gune inspiratzaileenetako bat Innovation Market izan zen. Bertan, parte-hartzaileek hainbat alorretako ekimen berritzaileak partekatu zituzten: kirola, arte urbanoak, parte-hartze komunitarioa, kultura errestauratiboa edo pentsamendu kritikoa, zurrumurruen aurkako eremuan aplikazio erabilgarria izan dezaketenak. Esperientzia horiek Zurrumurruen Aurkako Museoarekin osatu ziren. Museo horretan, lurraldeek azken urtean garatutako ekintza garrantzitsuenetako batzuk aurkeztu zituzten, jardunbide egokien trukea eta berdinen arteko ikaskuntza mesedetuz.
Egitarauan zenbait alorretako adituen panel bat egon zen: gizarte-berrikuntza, komunikazioa, aktibismoa, hezkuntza eta zurrumurruen aurkako estrategiak. Gainera, "VEUS. Gazteria eta Osasun Globala" topaketan parte hartu zuten; hor, bizikidetzari, lidergoari eta giza eskubideei buruzko ikuspegi berriak hurbildu zitzaizkien gazteei.
Europako EPIC proiektuan parte hartu zuten lurraldeen kasuan (Bilbo, Castelló de la Plana, Fuenlabrada eta Tenerife), goi-bilerak, gainera, bi urte hauetako elkarlanean izandako aurrerapenak partekatzeko eta politikan eragiteko proposamen berriak diseinatzeko balio izan zuen, gazteen parte-hartzea indartzeko komunitate inklusiboagoen eraikuntzan.
Bilera lurraldekako lan-saio batekin amaitu zen. Saio horretan, ordezkaritza bakoitzak ekintza-plan bat egin zuen hurrengo hamabi hilabeteetarako, Bilboko errealitatera egokitu ahal izango diren ekimen berriak identifikatuz.
Goi-bileran parte hartzeak indartu egiten du Bilbok errespetuan, aniztasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako bizikidetzarekin duen konpromisoa, eta aitortu egiten du gazteen papera gizarte kritikoagoa, inklusiboagoa eta aurreiritzi eta diskriminaziorik gabea eraikitzeko orduan.