Bilbotarrek auzoak hobetzeko 614 ideia proposatu dituzte
Auzoak hobetzea da Bilboko Udalaren erronka nagusienetariko bat. Horretarako, 2027ko parte-hartze bidezko aurrekontuen udal-programaren barruan espazio nabarmena eman zaio, eta erantzuna ezinhobea izan da. Bilbotarrek 580 eskaera egin dituzte guztira, hau da, 614 proposamen zehatz hiria eta auzoak hobetzeko.
Proposamenak egin dituzten pertsonen eta elkarteen profilari dagokionez, % 62,30 emakumeak izan dira, eta % 76,55 banaka aurkeztu dira. 41 eta 65 urte arteko pertsonak izan dira parte hartzera gehien animatu direnak; izan ere, jasotako proposamen guztien ia % 63,20 adin-tarte horretako herritarrek egin dituzte. Haien ondoren, 31 eta 40 urte artekoenak izan dira ugarienak, % 22,44.
Edukiari dagokionez, obrei buruzkoak (% 27,20) dira ugarienak, eta horien ostean honako arlo hauekin zerikusia dutenak: osasuna eta kontsumoa (% 22,48), zerbitzuak (% 16,61) eta mugikortasuna (% 14,82).
Barrutiei dagokienez, Begoñako barrutiari lotutako ideiak izan dira nagusi (% 20,52), eta atzetik izan dituzte Ibaiondo (% 12,38), Deustu (% 9,93) eta Errekalderi (% 9,45) buruzkoak. Hala eta guztiz ere, proposamen gehienak hiri osoari buruzkoak izan dira: guztira % 34,69
Nabarmentzekoa da Umeen Kontseiluaren parte-hartzea, 23 proposamen aurkeztu baititu: 9 zerbitzuei lotuta, 6 mugikortasunaren alorrekoak, 4 gazteria eta kirolari buruzkoak, eta 4 obra publikoetakoak.
Herri-bozketa, irailaren 21etik urriaren 2ra
Aurkeztutako proposamenak Udalaren bilbao.eus web-orrian kontsulta daitezke. Irailera arte, udal-sailek teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren ideiak lehenetsi eta hautatuko dituzte, interes orokorreko, egokitasuneko eta udal-estrategiako irizpideei jarraituz.
Prozesu horretan hautatuko dira herritarrek bozkatzeko fasera igaroko diren proiektuak. Antzeko edukia duten proposamenak proiektu bakar batean bilduko dira bozketarako.
Herritarrek irailaren 21etik urriaren 2ra bitartean bozkatuko dituzte, bilbao.eus webgunearen bidez, Bilborako onenak direla uste duten proiektuak.
Bilbon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona orok parte hartu ahal izango du bozketan, eta bakoitzak boto bakarra izango du. Horretarako, inprimaki sinple bat prestatuko da, eta bertan identifikazio-agiria eta jaiotze-data erroldarekin baliozkotuko dira. Baliozkotzeak egin ondoren, nahi adina proiektu hautatu ahal izango dira, baina ezin izango da gainditu partaidetza-aurrekontuetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa (2 milioi euro).
Nola erabili Udalaren urteko aurrekontua
Bilboko parte-hartze bidezko aurrekontua prozesu irekia da, bilbotarrei aukera ematen diena Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat erabiltzeko ideiak eman eta proposamenak egiteko. Ondokoek parte har dezakete prozesuan: hamasei urte baino gehiago dituen eta Bilbon erroldatuta dagoen pertsona orok, Herritarren Partaidetzako Entitateen Udal Erregistroan inskribatuta dagoen entitate orok, legez eratuta dagoen edozein entitatek (elkarteak, fundazioak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta zuzenbide publikoko korporazioak) eta Bilboko ikastetxe orok.
Kasu guztietan, Udalaren sail edo programaren batekin zerikusia duten proposamenak aurkeztu ahal izan dira, hiri osorako edo barrutiren baterako interesgarriak direnak. Proposamenek, kontuan hartuak izateko, baldintza batzuk bete behar dituzte: Udalaren eskumenekoak, legezkoak, interes orokorrekoak eta egingarriak izatea, 300.000 eurotik gorakoak ez izatea, eta 2027an gauzatu ahal izatea.