Asteazken honetan goizean, ekainaren 10ean, Bilboko Kalealdia-Kaleko Antzerki eta Arteen jaialdiaren 27. edizioa aurkeztu dute Casilda Iturrizar Parkean. Aurkezpenean Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak eta Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdiaaren zuzendariak hartu dute parte. Ekainaren 29tik uztailaren 4ra arte ospatuko da, eta guztira 53 ikuskizun eskainiko dira.

Era berean, bertan izan dira Hortzmuga Teatroako ordezkari batzuk, Kalekasilda ekimena aurkezten, parkean garatzen den esku-hartze artistikoa, eta Bitsa Konpainiakoak, “Haritik tiraka” ikuskizunaren erakusketa txiki batekin.

Lopez de Aguiletak era guztietako publikoarengana iritsi nahi duen Jaialdiaren goranzko ibilbidea gogorarazi du: “urtero ahalegintzen gara bizilagunek parte har dezaten. Ez dugu ikusle hutsak izatea nahi, baizik eta, kaleko antzerkia eta artea protagonista izanik, agenda oso eta beti interesgarria osatzen duten ikuskizunez erabat gozatzea nahi dugu”. Zinegotziak adierazi duenez, “Jaialdi honetan oso kontuan ditugu gure konpainiak, bai beteranoak, bai hasiberriak, eta Estatutik zein herrialde ezberdinetatik parte hartzera gonbidatzen ditugun konpainiak eta bakarlariak ere bai. Barietatea garrantzitsua da, eta hemen egia bihurtzen da Bilboko Kalealdia irekia eta anitza izan dadin, formatuen, gaien eta publikoen aldetik”.

Konpainiak

27. edizio honetan, Kalealdiak kanpoko bederatzi konpainia izango ditu, bat Kanadakoa eta gainerakoak Europako hainbat herrialdetakoak (Irlanda, Frantzia, Portugal), eta Hirian normalean ikusi ohi ez diren ikuskizunak aurkeztuko dituzte. Frantziako Ea Eo (Cie), Furinkaï (Compagnie) & L'entrouvert (Théâtre De), Keep Company, Le Polpesse eta Retouramont izango ditugu, eta Iparraldetik Rouge Elea etorriko da. Hippana Maleta Irlandakoa da eta Margarida Montenÿ Portugalgoa. Azkenik, Kalealdian izango da, halaber, Kanadako Berceurs du Temps, Bilboko Kalealdia inauguratzeaz arduratuko dena, “Acunar el tiempo/ Bercer le temps” ikuskizunarekin (ekainak 29, astelehena, 17:00etan).

Bilboko Kalealdiaren 27. edizioaren kartela. B. U.

Estatuko ordezkaritza hamaika taldek osatzen dute: Insectotròpics, Los Galindos, Pere Hosta, Sol Picó eta Txema Muñoz, Kataluniakoak; Capicua Cía. eta Sweet Chilli Circus Company, Aragoikoak; De Vacas, Galiziakoa; La Venidera, Madrilgoa; Factoría Norte eta El Encuentro Teatro, Asturiaskoak; eta La Trapecionista, Nafarroakoa. Kataluniako Sol Picó konpainiak amaiera emango dio Kalealdiaren programazioari “Carrer 024” ikuskizunarekin.

Bilboko Kalealdiaren bitartez Udalak euskal konpainiak ere babesten ditu, programazioaren ateak irekitzen baitizkie. Oraingoan, hamar taldek hartuko dute parte: Bitsa Konpainia, Deabru Beltzak, Hika Teatro & Oinkari Dantza Taldea, Hortzmuga Teatroa, Kankarro Cía., Koilara Teatro, Lasala, Leire Mesa, Trapu Zaharra eta Zirkozaurre.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, Kataluniako Insectotròpics konpainiaren “La Conferencia de los Pájaros” eta Los Galindos konpainiaren “MDR – Muerte de risa” izan ezik, horietarako gonbidapena erreserbatu beharko baita web orrialdean. Lehen ikuskizuna Bizkaia Aretoa-EHUn izango da uztailaren 3an, ostirala, 22:30ean, eta bigarrena Sanfraneko Hiri Ortuan uztailaren 3an, ostirala, eta 4an, larunbata, 19:00etan.