Aburtok bat egin du Ibilaldiarekin
'Hiri Kiribili Bil' lelopean, Kirikiño ikastolak jai eguna antolatu du, kultur jarduera ugarirekin, non euskara, musika eta aisialdia izango diren protagonista
Igande honetan goizean, maitzaren 31n, hasiera eman zaio Kirikiño ikastolak antolatutako 2026ko Ibilaldiari. Aurtengoa Bizkaiko ikastolen jaian Bilbon ospatu den zazpigarren aldia izango da, eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok inaugurazio-ekitaldian hartu du parte. Berarekin batera Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako saileko zinegotzia izan da.
Ibilaldiaren 48. edizioaren aurkezpenean, Juan Mari Aburtok Kirikiño Ikastolaren lana goraipatu du, ekimena antolatzeko ardura duelako, eta azpimarratu du euskara sustatzen duten ekintzak bultzatzen jarraitzea zein garrantzitsua den. "Atzera begiratzen dugunean, gizartea zenbat aldatu den ikusten dugu. Aldaketa horiek, zalantzarik gabe, ikastolen eguneroko jardunean eragin zuzena dute. Baina bada zerbait aldatu ez dena: euskarak ardatza izaten jarraitzen du, eta, hura biziberritzearen inguruan, etorkizuneko belaunaldiak gaur egungo gizarte modernoari begira eraikitzen ditugu. Euskararen transmisioan, eragile guztiok dugu zeresana: ikastolek, familiek eta erakundeek. Hizkuntza guztion erantzukizuna da, eta Bilboko Udalak hartutako konpromisoa, eta horregatik gaude hemen".
Hiri Kiribili Bil lelopean, Bilbo adin guztietarako kultura- eta aisialdi-jarduera ugariren erdigunea izango da. Programa zabala da, besteak beste euskal dantzak, puzgarriak, musika-, antzerki- eta magia-emanaldiak, eta hiru kokalekutan egingo dira jarduerok egunean zehar. Kirikiño ikastola bera da abiapuntua. Handik, festa Europa parkera zabalduko da, eta amaitzeko Txurdinagako udal-kiroldegira.