Bilboko Zinemaldi Fantastikoa - FANT jaialdia datorren ostiralean, maiatzaren 8an, hasiko den arren, atzo eman zion hasiera 'Planoz kanpo' izeneko atal berriari. Bertan, Nerea Torrijos jantzi diseinatzaile bilbotarrak 'Zinemako jantziak/Vistiendo películas' erakusketa inauguratu zuen.
Torrijosek parte hartu duen filmetan erabilitako pieza original batzuekin osatutako erakusketa Abandoko Udaltegian egongo da ikusgai maiatzaren 4tik 29ra. 16:30etik 20:30era egongo da irekita, eta sarrera doakoa izango da plaza-kopurua bete arte.
Atzo egindako inaugurazioan, Iñaki Lopez de Aguiletak, Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak; Amaia Domingok, FANTeko zuzendariak; Nerea Torrijosek berak eta Bilboko kultura- eta zinema-arloko pertsonek hartu zuten parte. Ekitaldian, diseinatzaileak bisita gidatu bat eskaini zien bertaratutakoei.
Erakusketa ikustera joaten diren pertsonek, jatorrizko pieza-sorta baten bidez, jakin ahal izango dute egileak zineman munduak eraikitzeko, ehunak, ehundurak eta kolorea nola erabiltzen dituen, betiere oso kontuan hartuta pertsonaia bakoitzaren ezaugarriak eta nortasuna, haren jantziak aukeratzerakoan.
Nerea Torrijos lanak hainbat sari jaso ditu; tartean, Goya saria 'Akelarre' (2020, Pablo Agüero) filmeko jantzien diseinuarengatik, edo FilmQuest saria 'Errementari' (2017, Paul Urkijok filmatua) filmeko jantzien diseinuarengatik. Gainera, 2023ko Goya sarirako izendatu zuten 'Irati' (Paul Urkijok zuzendua) pelikularengatik eta 2024ko Goya sarirako '20.000 especies de abejas' (Estibaliz Urresola Solagurenena) filmarengatik. Era berean, haren diseinuak 'Gaua' pelikulan agertzen dira, eta hori azaroan PreFANT zikloan ikusi ahal izan zen.
'Zinemako jantziak/Vistiendo películas'
Zineman, begiratu batean ikusten ez denak ilusio guztiari eusten dio askotan. Bada hizkuntza isil bat, pertsonaia bat nor den, zein garaitakoa den edo zein jainkoren beldur den azaltzeko gidoirik behar ez duena. Hizkuntza hori jantziak dira. Jantzien diseinua “lan ikusezin” horren parte izan da historikoki, artisautza tekniko eta artistiko zehatza, narratiba bisualaren ehuna bera izan arren, iruditeria kolektiboan bigarren maila batean utzi ohi dena.
Erakusketa honen asmoa da ikusezintasun-belo hori urratzea, pertsonaiei arima ematen dien lanbidearena ez ezik, zinemako emakume profesionalena ere. Eta Nerea Torrijos horietako emakume bat da, lantaldeak zuzendu, garaiak ikertu eta fokuen itzaletik mundu osoak sortzen dituztenak.
Erakusketak ametsen eta, beharbada, amesgaiztoen ehundura hurbiletik behatzera gonbidatzen gaitu. 'Irati' filmaren parte izan ziren piezak aurkitzen dira, zorroztasun historikoa eta mitologia eta natura batzen dituzten ehunak eta apaingarriak, lurretik bertatik eta euskal folkloretik sortzen direla diruditen piezak sortuz. “Gaua” filmean erabilitako soinekoek film horretako giroari forma ematen dioten misterioa eta iluntasuna harrapatzen dituzte beren zuntz eta josturetan. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko karteletako batzuetarako jantziak diseinatzeko egindako lanak promozio hutsa dena gainditzen du, eta gorputza, ehuna eta irudimena elkarrekin hitz egiteko espazio bilakatzen da irudia, ikusgarriaren eta ezkutuaren artean dauden kontakizunak iradokitzeko.
Nerea Torrijosen lana jantzi baten diseinua baino askoz ere gehiago da. Prozesua murgiltze sakon batetik sortzen da: garaiari, jatorrian erabiltzen ziren ehun- eta tindatu-teknikei, koloreei edo zuntzei buruzko informazioa biltzen du, eta batzuetan pieza bakoitza egiteko antzinako artisau-metodoak erreproduzitzera iristen da. Bilboko diseinatzaileak ikerketa tekniko eta historiko hori filma zuzentzen duenaren begirada pertsonalarekin lotzen du, oihalak eta osagarriak aukeratuz modu sotilean transmititzen den ikuspegia lortuz. Horrela, arte hori ikusleen buruan ia oharkabean sartzen da, haren lanbide bikainari esker.
Ikusgai dagoen soineko bakoitza, osagarri bakoitza eta jantzi bakoitza ez da arropa bakarra; narrazio-tresna bat da, tresna kultural bat eta zinema garaikidea definitzen duen talentu femeninoaren froga bat. Horien aurrean gelditzean, jada ez dira ikusezinak: protagonista bihurtzen dira.
Ekitaldi gehiago
Nerea Torrijosen erakusketarekin batera, 'Planoz kanpo' atalean 'Batman, gaueko zaindaria' erakusketa ere ikusgai dago Begoñako Udaltegian, maiatzaren 8tik 30era bitartean.
Era berean, Abandoko Udaltegian, mugikortasunean espezializatutako kazetaria den Jaime Novoren “Rowan March: El Consenso” liburuaren aurkezpena egingo da maiatzaren 7an, 19:00etan. Handik bi egunera, berriz, Azkuna Zentroko Bastida aretoan Jack Taylor aktorearen “Mis 100 años de cine. Memorias” liburua aurkeztuko da 12:30ean, eta bertan izango dira Jack Taylor bera, Bego del Teso eta Victor Matellano. Maiatzaren 10ean, 12:30ean, Azkuna Zentroko espazio berean, Edith del Campo, Kate Lynnon eta Madame Eloise egileen “Revelaciones” liburuaren aurkezpena egingo da.
Zinemaldian zehar, FANTEskola zikloan, 'Maya, emaidazu titulu bat', 'Oink Oink' eta 'Kaixo Frida' pelikulak proiektatuko dira, 5 eta 12 urte arteko haurrentzat. BBK aretoan izango dira ikusgai maiatzaren 11tik 14ra bitartean, 11:00etan.
Emakume-sortzaileei babesa
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak ere emakume-sortzaileek egindako lan zinematografikoak babesten ditu. Horren erakusgarri da GIDOI- Euskadiko Gidoigileen Elkartearekin izandako lankidetza, Emakume Egileentzako Film Laburren Gidoi Lehiaketaren III. edizioa aurkeztu baitu, fantasiazko eta beldurrezko generoko gidoietan soilik oinarritua, FANTekin bat etorriz.
Udal Zinelmaldiak ikus-entzunezkoetan emakumezkoen talentuari ahotsa eman nahi dion eta (H)emen ekimenaren laguntza duen urteroko ekimen honekin duen lankidetza, Industry Jardunaldi bat gehituz gauzatzen da. 'Emakume gidoilariak, aurrea doan zinema' izenburupean, saioak Tamara García Iglesias zinemagilearen, Amancay Gaztañaga musika‑artistaren eta Aránzazu Callejaren (Ohorezko FANT Saria 2026) parte‑hartzea izango du, eta sektorearen bilakaeran emakumeen sorkuntzan eta zereginean jarriko du arreta.
Ondoren, pitch saio bat egingo da; bertan, Emakume Egileentzako Film Laburren Gidoi Lehiaketaren III. Edizioaren sei finalistek beren proiektuak aurkeztuko dizkiete sektoreko profesionalei. 'Planoz kanpo' atal berriaren barruan kokatzen den jardunaldi hau bihar, maiatzaren 6an, izango da, Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoan, 18:00etatik aurrera, sarrera librearekin, edukiera bete arte.
Halaber, Gidoik sustatutako lehiaketaren erabakia FANTen esparruan jakinaraziko da, maiatzaren 16an, 19:30ean, BBK Aretoan egingo den itxiera galan.