Síguenos en redes sociales:

Santutxu izango da 'Udaberriko Bertso Saioak' programaren egoitza

Bilboko Udalak Bizkaiko eta Iparraldeko bertsolaritzaren egungo izenak bilduko ditu Santutxun maiatzaren 9, 23 eta 30ean, larunbatetan, 13:00etan

Santutxu izango da 'Udaberriko Bertso Saioak' programaren egoitzaB. U.

Hiru saiorekin helduko da aste honetan Santutxura Bilboko Udalak eta Santutxuko Bertso Eskolak antolatutako 'Udaberriko Bertso Saioak' programaren edizio berria. Lehenengo bertso saioa datorren larunbatean izango da, maiatzaren 9an, eta beste biak hilaren 23an eta 30ean izango dira, hurrenez hurren. Horrez gain, maiatzaren 15ean bertso-poteoa egingo da Karmelo kaleko 7. zenbakian, 20:00etatik aurrera.

"Udaberriko Bertso Saioak" programak 42. edizioa ospatuko du aurten, eta, urte hauetan, programa euskaltzaleentzako topagune bihurtu da, Santutxuko Bertso Eskolak egiten duen lana babesteaz gain, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bat baita.

Edizio berri honetan 14 bertsolarik hartuko dute parte, 7 emakume eta 7 gizon, lau belaunalditako ordezkariak. Bertsolari zaharrena Unai Iturriaga da (Durango, 1974), 20 urte baino gehiago daramatza Santutxun parte hartzen, eta gazteena, berriz, Haira Aizpurua (Sara, 2006), aurten lehen aldiz joaten dena.

Aurten, “Udaberriko Bertso Saioak” programaren lau hitzorduak Bizkaiko eta Lapurdiko bertsolarien arteko topaketa izango dira, hamar bizkaitarrekin (Oihana Bartra, Aissa Intxausti, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita, Txaber Altube, Ibaia Amillategi eta Unai Mendiburu) eta lau lapurtarrekin: Amets Arzallus, Aitor Servier, Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua.

Parte-hartzaileak

Aitor Etxebarriazarraga eta Maddi Ane TxoperenaBizkaiko eta Iparraldeko azken txapelketetako irabazleak, izango dira bertan. Gainera, parte-hartzaileen artean Bizkaiko azken Bertsolari Txapelketako bost finalista daude.

Parte-hartzailerik beteranoenetako bat Oihana Bartra (Bilbo, 1984) da. Santutxuko bizilaguna da, eta 25 urte daramatza ekimen honetan parte hartzen, 17 urte zituenetik. Gainera, Santutxuko Bertso Eskola arduratuko da saio bakoitzean gaiak proposatzeaz. Horretarako, Irati Erkizia, Urtzi Urrutikoetxea eta Aitor Irastortza ariko dira aurkezpen-lanak egiten eta bertsolari bakoitzari txanda ematen.

'Udaberriko Bertso Saioak' programaren kartela.

Ohiko bertso-poteoa maiatzaren 15ean, ostirala, egingo da, eta 20:00etan hasiko da Karmelo kaleko 7. zenbakian,Amets Arzalluseta Unai Iturriaga beteranoen partaidetzarekin eta Iker Uribarrenek gidatuta. Karmelo kaleaz gain, Ricardo Bastida plaza eta Arsuaga kalea zeharkatuko ditu, lau geraldiekin.

Berrikuntza gisa, aurten Karmelo plazan eserlekuak eta lekuak erreserbatu dira, mugikortasun murriztua edo premia bereziak dituzten pertsonentzat. Erreserba bertso saioak hasi baino 15 minutu lehenago egin daiteke.