'Magiaren Topaketak' programa helduko da Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetara
Aurtengo edizioa maiatzaren 2tik 31ra arte egingo da Otxarkoagako Udaltegian eta Txurdinagako Garai lorategiaren plazan
Datorren larunbatean, maiatzaren 2an, hasiko da 'Magiaren Topaketak' programaren edizio berri bat. Bilboko Udalak antolatutako ekimen hau Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetan egingo da, aurrekoetan bezala, hilaren 31ra arte.
Udal ekimenak, 22. edizio honetan, 9 ikuskizun eskainiko ditu, 5 kanpoan eta 4 barruan, eta horrez gain "Houdini el Inmortal" erakusketa (maiatzaren 2tik 31ra) eta "Desatando a Houdini, magia y mito" hitzaldi-ikuskizuna (maiatzaren 7an), biak ala biak Otxarkoagan, Houdini (1874 -1926) mago eta eskapista ospetsua gomutatzeko, heriotzaren mendeurrenean. Ikuskizun bi horiek estreinaldi absolutuak dira, eta berariaz prestatu dira Bilbon aurkezteko.
"Magiaren Topaketak" ohiko lekuetan egingo da, Otxarkoagako Udaltegian eta Txurdinagako Garai lorategiaren plazan.
Aurten, Bilbotik eta Euskaditik, Estatutik eta atzerritik datozen hamabost artistak parte hartuko dute, hala nola Espainian finkatuta dagoen Cliff The Magician ilusionista britainiarrak. Ikuskizun horretan, magia profesionala eta ingelesaren irakaskuntza bateratzen ditu. Halaber, programazioaren barruan Euskadin estreinatzen diren bi ikuskizun daude. Lehenengoa, "Dúo", Rúbi Férez eta Fernando Nadal-ena, FISMeko bigarren saria lortu zuena eszenatokiko magia modalitatean. Euskadin egingo den beste estreinaldia Dani Poloren “Inefable" da. Ezinbesteko hitzordua da errepresentazioaren konplexutasunagatik eta gauez eta kalean garatzen delako. "Magia zaparrada" ikuskizuna maiatzaren 13an egingo da Otxarkoagako Udal Liburutegiaren laguntzarekin.
"Dúo" ikuskizuna, Rúbi Férez eta Fernando Nadal-ena, maiatzaren 2an egingo da. FISMeko bigarren saria lortu zuen eszenatokiko magia modalitatean. FISM nazioarteko erakunde bat da, mundu osoko nazio-mailako eta nazioarteko dozenaka klub eta federazio koordinatzeaz arduratzen dena. Federazioak konferentzia bat antolatzen du hiru urtean behin. Bertan, Munduko Magia Txapelketa egiten da, eta magia-txapeldun nazionalak eta kontinentalak hainbat kategoriatan lehiatzen dira. Ohikoa da "Magiaren Topaketak" erakundeak FISMren proposamen saritua bere programazioan sartzea.
Ikuskizun bakoitzak magia-modalitate baten jartzen du arreta, horrela, magiaren aniztasuna erakutsiz: magia orokorra, mikromagia, bentrilokia, ilusio handiak, etab. Gainera, beste adierazpide eszeniko batzuekin lotuko da, hala nola antzerkiarekin, zirkuarekin, poesiarekin edo musikarekin.
Bai Otxarkoaga Udaltegian, bai Garai lorategiaren plazan, mugikortasun urriko eta premia bereziak dituzten pertsonentzako eserlekuak eta espazioak gordeko dira. Horretarako, ekitaldi-aretora joan beharko dute ikuskizuna hasi baino 30 minutu lehenago. Jarduera guztietarako sarrera librea izango da edukiera osatu arte.