Milioi bat euro Jesús Galíndez etorbidea berritzeko
Jarduera horrek irisgarritasuna, segurtasuna eta hiri-kalitatea hobetuko ditu ikastetxe alemaniarretik hurbilen dagoen kale-zatian
Bilboko Udalak 986.524 euroko aurrekontua bideratuko du Txurdinaga auzoko Jesús Galíndez etorbidea berrurbanizatzeko. Lan horiek zazpi hilabetetan egingo dira, eta horien helburua espazio publikoaren irisgarritasuna, mugikortasuna eta kalitatea nabarmen hobetzea da.
Proiektuak Jesús Galíndez etorbidearen lehen 393 metroak hartzen ditu gutxi gorabehera, Zabalbide kaleko biribilgunetik –Donejakue Bideko aterpetxe berriaren aurrean– eraikin berrien urbanizazio berriekin eta umeen jolas--gunearekin daukan loturaraino.
Esku-hartzearen helburu nagusien artean, honako hauek daude: bide-espazioa berriro antolatzea, espaloiak handitzea, oinezkoen segurtasuna hobetzea eta ekipamendu berriak hirian integratzea, esaterako aipatutako erromesen aterpea, Zabalbideko ur-biltegi zaharrean dagoena.
Irisgarritasuna eta espazio publikoa hobetzea
Jarduketak espaloiak berrantolatzea aurreikusten du, batez ere lehen zatian, gaur egun zabalera txikia baitu, eta puntu batzuetan 1,15 metro eskasera iristen da.
Era berean, zirkulazio-erreiak erregularizatuko dira eta bide-segurtasuna hobetzen lagunduko duen zabalera homogeneoa finkatuko da, eta aparkaleku berriak sortuko dira etorbidearen tarte jakin batzuetan.
Proiektuaren elementu nabarmenetako bat aterpetxearen aurreko plazatxoa berrurbanizatzea izango da. Bertan egoteko guneak, berdeguneak eta zoladura drainatzaileak jarriko dira, uraren kudeaketa jasangarriagoa izan dadin.
Zenbait zerbitzu-sare ere berrituko dira, esate baterako argiteria publikoa, luminaria berri efizienteagoekin eta ingurunera hobeto egokitutakoekin modernizatuko baita.
Gainera, drainatze-sarearen gainean jardungo da, hustubideak ordeztuz eta kanalizazioak hobetuz, eta horrek euri-uren hustuketa optimizatzea ahalbidetuko du.
Era berean, proiektuak aurreikusten du Bilbobusen geralekuak egokitzea, seinaleak hobetzea eta hiri-altzari berriak jartzea, herritarrentzat ingurune erosoagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa sortzen laguntzeko.
Jarduketa hau Txurdinaga auzoko Jesús Galíndez etorbidearen inguruko hiri-eraldaketako prozesuaren barruan dago. Prozesu horretan, ekipamendu eta eraikin berriekin lotutako hainbat jarduketa egin dira azken urteotan.
Temas
Más en Bilbao
-
El estado de los ascensores de Bilbao, en un clic
-
Este importante corte de tráfico obligará a desvíos nocturnos el miércoles en Bilbao
-
Zabalik 'Bilboko Merkataritza Berezia' bereizgarri berria lortzeko hautagaitza aurkezteko deialdia
-
BilbaoArteren profesionalizazio artistikoa sustatzeko baliabideak areagotzeko akordio berria