Urtero bezala, Bilboko Udalak udako ikastaroak eskainiko ditu. Aurten eskaintza igo da, baina baita eskaerak ere, eta horregatik plazak esleitzeko zozketa bat egingo da ekainaren 2an. Zozketa horretan parte hartu nahi dutenentzat bihar, apirilaren 27an, irekiko da epea, eta ekainaren 1era arte egongo da zabalik.
Uretako ikastaroak uztailean eta irailean emango dira. Guztira, 2.072 plaza izango dira 109 ikastarotarako, igeriketa-ikaskuntzatik hasi eta aquafitnessa, aquabikea edo igeriketa terapeutikoa bezalako jardueretaraino. Azken hori berrikuntza da aurten. Igeriketa-ikaskuntzako ikastaroetan izena eman nahi dutenek maila egiaztatuta izan beharko dute. Bestalde, lurreko jarduerak erabiltzaileen eskariari eta beharrei erantzuteko programatu dira, eta intentsitate handiko jardueren eta pasiboagoen artean orekatzen dira. Pilates, yoga, gap eta ziklo indoorra dira Azkuna Zentroan (Bilboko Alondegia) uda honetan eskainiko diren jardueren katalogo zabalaren parte.
Ia 400 plaza
Eskaintza osatzeko, 35 ikastaro eta 394 plaza gehiago emango dira San Ignazio, Casilla, Zorrotza eta Txurdinagako udal-kiroldegietan. Jarduera horien artean nabarmentzekoak dira San Ignazioko kiroldegian uztailean eta irailean egingo diren 17 padel-ikastaroak.
- Izena emateko, Bilbao Kirolak erakundearen webgunea edo aplikazioa erabil daitezke, edo, bestela, udal-kiroldegietako totemak eta salmenta-terminalak.
- Gutxienez aukera bat eta gehienez 5 markatu daitezke lurreko eta uretako ikastaroetan. Ikastaro horiek bost jarduerakoak izan daitezke, edo jarduera bera ordutegi desberdinetan, ikaskuntza-ikastaroak barne. Oso garrantzitsua da ikastaroen lehentasun-ordena ezartzea.
- Zozketan plaza esleituko zaio ikastaroari. Prozesu horretan eskabideen lehentasun-ordena errespetatzen da eta plazak ondoz ondoko txanden bidez esleitzen dira.
- Ekainaren 2an, zozketan parte hartu dutenek push jakinarazpen bat jasoko dute aplikazioan eta posta elektronikoz, zozketaren emaitzarekin.