Euskadi plaza eta Arte Ederren Museoaren ingurua hobetu ditu Udalak
Paisaiaren eta hiri-hobekuntzaren arloko jarduketa hau 38.000 metro koadrotik gorako eremu batean gauzatu da
Bilboko Udalak1.461.568,80 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, Euskadi plaza eta Arte Ederren Museoaren ingurua hobetzeko eta berrurbanizatzeko. Lanak aste honetan amaitutzat eman ditu, lorezaintzako azken lanak egin ostean.
Jarduketa 38.517,62 metro koadroko eremuan egin da, eta haren barruan alderdi bereizi bi hartu ditu: alde batetik, Casilda Iturrizar parkearen ekialdeko zatia, Kale Nagusitik Euskadi plazara eta Teofilo Guiard kalera bitartekoa; eta, bestetik, Euskadi plaza, Mazarredo zumarkaleko espaloitik Arte Ederren Museoko fatxadaraino eta Deustuko zubiraino.
Helburuak
Esku-hartze horren bidez, Bilboko Udalak helburu nagusi bi izan ditu: alde batetik, Arte Ederren Museorako sarbideak edertzea; eta, bestetik, Bilboko museo nagusi bien -Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Museoa- arteko oinezkoen joan-etorriak sustatzea eta erraztea. Halaber, Mazarredo zumarkaletik Euskadi plazara iristeko bide berri bat irekitzean, bertara sartzea eta bertan egotea sustatu nahi izan da.
Proiektuak hainbat esku-hartze jaso ditu, parkean zein plazan, espazioen hiri-kalitatea hobetzeko, bereziki hondatuta zeuden elementuei arreta berezia eskainiz, eta irisgarritasuna nabarmen hobetzeko, horretarako ibilbide egokituak sortuz. Hala, Arte Ederren museorako ingurune berritua eratu da, gaur egun pinakotekan egiten ari diren eraberritze- eta handitze-lanen mailarekin bat datorrena.
Irudi berria
Parketik museora doan sarbidean, espazioaren irudia berritu da, elementuak konpondu eta ordezkatuz, eremu degradatuak birgaituz eta ikuspegi berriak sortuz. Horretarako, parterreen diseinua berritu da, kolore- eta forma-joko berriak sortzeko helburuarekin.
Bestalde, elementu hondatuak garbitu, konpondu eta ordezkatu dira, eta eremu osoa itxuratu da, museoko obra berrien mailarekin bat etor dadin. Museoaren inguruko eskultura-elementuak ere zaharberritu dira, jatorrizko estetikari eutsiz, elementu babestuak baitira.
Plazari dagokionez, antzeko irizpidea aplikatu da. Museoaren aurreko eremua txukundu da, eta hainbat elementu eta material konpondu dira. Bereziki, oinezkoentzako ibilbideak hobetu dira: alde batetik, museoaren aurreko bidean plataforma bakarra sortu da; eta, bestetik, sarbide‑eremuko espaloia zabaldu da. Halaber, oinezkoentzako ibilbide berriak sortu dira, Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Museoa zuzenean eta erosoago lotzeko.