Euskal tradizioak protagonismo osoa hartuko du egun hauetan ospatuko den Bilbao basque Fest 2026 jaialdian. Horretan, euskal tradizioaren sustraiez gozatuko dugu, erromerien eta herri-kirolen bidez, bai eta musikaren eta zinemaren arloko zenbait proposamen interesgarriz ere.

Emakumeen abangoardia eta ikuskizun sentsoriala

Gaur, apirilak 2, osteguna, emakumeen presentzia nabarmenduko da eszenatokietan. Gaur arratsaldean (19:00etan) Olaia Inziarte izango da Azkuna Zentroko auditoriumean, bere «Zura» proiektua aurkezten. Aurretik, 17:30ean, Bilboko Udal Txistulari Bandaren 'Zertzeladak' ikuskizuna izango da, Garazi Navas eskusoinuan dela. Iluntzean (21:00etan), Areatzako Kaian dagoen Euskal Kulturaren Plaza Neomak taldearen folklore eta musika elektronikoko fusioaz berotuko da.

Gaurko mugarrietako bat «Urbasa» ikuskizunaren estreinaldia izango da, Arriaga Plazan (19:30ean). Proposamen zirraragarri horretan, zirkua eta txalaparta uztartuko dira, gizakiaren eta naturaren arteko orekari buruz hausnartzera bultzatzeko. Horren aurretik, eszenatoki berean, «Txalaparta hutsa» kontzertu didaktikoa dago programatuta (13:00etan). Gainera, Aiko Taldearen erromeria egingo da 18:30ean Plaza Barrian, jendea dantza espontaneoa egitera bultzatzeko.

Folk berritua eta pop-rocka

Bihar, apirilak 3, ostirala, jaialdiaren indarra mantenduko da Marenek emango duen kontzertuarekin. Azkuna Zentroan izango da 19:00etan, eta «Qué Lástima» disko berria aurkeztuko du. Gaueko 21:00etan, Korrontzi euskal rock berrituko taldeak bere 'Mundua Dantzan' ikuskizuna egingo du Areatzako Kaian. Mugan taldearen talentu emergentea izango dugu Bilborocken (20:00etan) eta, gaua amaitzeko, Bilbao basque Fest Rock City ekitaldiak berotuko du Kafe AntzokiaThe Rockabilly Pack eta Crazy Jumpers taldeekin (22:00etan).

Dantza tradizionalak ere toki nabarmena izango du bihar, Guggenheimeko zelaigunean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin (12:00etan eta 18:00etan), bai eta Plaza Barrian ere, Patxi eta Konpania taldearen «Dantza Piko» erromeriarekin (18:30ean).

Herri kirolak, gastronomia eta zinema mitologikoa

Gaur eta bihar, Areatzako Kaiko Euskal Kulturaren Plaza familia- eta kirol-jardueraren erdigune bihurtuko da. Han egingo dira:

  • Sport: herri kirolen erakustaldiak (13:00etan eta 18:30ean), harri-jasotzeko, aizkorako eta sokatirako erronkekin. Gainera, familientzako tailerrak egingo dira, goizez eta arratsaldez.
  • Gourmet: show cooking saioak ordu erdiro (12:00etatik14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara).
  • Haurrak: Gargantua atrakzio ikonikoa aterako da haurrentzat, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Era berean, BBK Aretoan Paul Urkijoren «Gaua» film luzea proiektatuko dute bihar, 19:00etan. Euskaraz grabatutako filma –gaztelaniazko azpitituluekin– euskal mitologiari eta tradizioei buruzkoa da. Aire zabaleko jarduerak nahiago dituztenentzat, Hortzmuga Teatroaren Anfitrioiek ibilbide antzeztuak egingo dituzte Alde Zaharrean barrena (12:00etan), eta Pio Barojako pantalanean aukera egongo da Itsasadarrean bateletan paseatzeko.