Auzoaren iragana eta haren garapen sozial eta ekonomikoan lagundu zuten pertsonak omentzen dituen murala ikus daiteke Masustegiko igogailu berriaren ondoan dagoen horman. Bilboko Udalak aste honetan amaitutzat eman du esku-hartzea.

Bilboko Udalak Masustegiko igogailu inklinatu berriaren ondoan dagoen horma-irudia amaitu du. Esku-hartze artistiko horrek auzoaren iragana eta haren garapen sozial eta ekonomikoan lagundu zuten pertsonak omentzen ditu.

Jarduketak auzoko elkarteak egindako eskaera bati erantzuten dio. Elkarte horrek proposatu zuen espazio hori aprobetxatzea Masustegiren historiaren eszena adierazgarriak islatzeko, bereziki immigrazioari eta hirigune horren jatorria markatu zuen meatzaritza-jarduerari lotuta.

Murala

Murala 265 metro karratu inguruko azaleran egin da eta auzoaren iraganeko irudiak islatzen ditu, 50eko eta 60ko hamarkadetako hazkundea irudikatuz. Garai hartan, familia asko, batez ere Galiziakoak, lan-aukeren bila iritsi ziren Bilbora eta baldintza zailetan eraiki zituzten etxebizitzak.

Masustegiko irisgarritasuna hobetzeko testuinguruan kokatzen da esku-hartze hori; izan ere, Udalak hainbat hirigintza-jarduketa bultzatu ditu azken urteotan. Horien artean, nabarmentzekoa da berriki martxan jarri den igogailu inklinatua. Azpiegitura horrek 90 metro baino gehiagoko ibilbidea dauka eta 50 metroko desnibela gainditzen du, eta bertan 5 milioi euro inguruko inbertsioa egin da.

Muralaren irudia. B. U.

Inbertsioa

Murala Arte eta Muralismo enpresa espezializatuak egin du, eta formatu handiko horma-pinturan daukan esperientziagatik eta irudi hipererrealistak garatzeko gaitasun teknikoagatik hautatu da.

Lanak -14.730 euroko inbertsioarekin- otsailaren 11n hasi ziren, eta eguraldi txarraren ondorioz epea pixka bat luzatu behar izan bazen ere, aste honetan bertan amaitu dira.