Datorren igandean, martxoaren 15ean, Bilbao Urban Race auto elektrikoen lehiaketaren seigarren edizioa egingo da San Mameseko zabaldegian. Bertan, Bilboko Udaleko La Perrerako Makerguneko eta Ramoniko talde bik hartuko dute parte.
Guztira, Bizkaiko, Arabako, Asturiasko eta Nafarroako 28 taldek hartuko dute parte (haietatik 7 Bilbokoak dira). 200 gaztek baino gehiagok eta autoetan lanean dabiltzan boluntarioek erakutsiko dute Bilboko lasterketan zein trebeak diren.
Greenpower Iberia eta Bilbao Urban Race lasterketa Bilbao Gazte STEAMen kokatzen dira. Estrategia hori Udalak bultzatzen du, Bilbo talentuzko hiri gisa kokatzen laguntzeko, haurrek, nerabeek eta gazteek sarbide unibertsala izan dezaten zientziara, berrikuntzara eta teknologiara. Horretarako, hainbat urtez dabiltza lanean programak eta jarduerak sustatzen eta espazioak hobetzen. Lan horretan, teknologiaz hornitzen dituzte espazio horiek, eta STEAM guneak eta laborategiak sortzen dituzte ikasteko, partekatzeko, sortzeko, ikertzeko, esperimentatzeko, interakzioan aritzeko eta lankidetzan jarduteko.
Helburua
Bilbao Urban Race lasteketa Greenpower Iberia proiektuaren parte da. Proiektu horren helburua da gazteak motibatzea, auto elektrikoak eraikiz eta lasterketetan parte hartuz, STEAM ezagutzetara hurbildu daitezen. Greenpower proiektua nazioartekoa da, eta, gaur egun, 2.000 talde baino gehiago lehiatzen dira 50 lasterketa baino gehiagotan. Taldeek egindako lana erakusten dute, eta, abiaduraren arloan ez ezik, erresistentziaren arloan ere lehiatzen dira; izan ere, lehiaketa horretan, helmugara lehenengo heltzea bezainbeste baloratzen da lasterketa amaitzea. Greenpower Iberiako auto elektrikoen % 25 Euskadikoak dira.
Bi kategoria
Lehiaketak kategoria bi ditu, F24+ eta F24, hurrenez hurren, 12:00etan eta 13:00etan hasiko direnak. 9:00etatik 12:00etara, entrenamenduez gozatu ahal izango da, bai eta parte-hartzaileen taldeek ibilgailuak puntuan jartzeko moduaz ere.
Bilboko Udalak programa garatzen ari diren bi gune sustatzen ditu: La Perrerako eta Ramoniko Makerguneak. Guztira, talde bi eta hiru auto. Haietan, Bilboko 10 gaztek baino gehiagok hilabeteak daramatzate autoa 0tik eraikitzen, entrenatzen eta autoa hobetzen. Gazte horiek, monitoreen eta boluntarioen zuzendaritzapean, elkarri laguntzen ari dira, eta mekanikaz, elektrizitateaz, telemetriaz eta beste hainbat gaiz ikasten dute, baina baita marketinaz, gastuen kontrolaz edo zereginen eta ekipoen kudeaketaz ere. Udalak gehiago handitu nahi du taldeen kopurua, beste gaztegune batzuetara zabalduz; esaterako, Esperantzakora eta Miribillakora.