Bilbok informazio energetikoa eskainiko du udal webgunean
Udalak gardentasunarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa indartzen du
Astelehen honetatik aurrera, bilbotarrek modu interaktiboan kontsultatu ahal izango dituzte udalaren energia-kudeaketarekin lotutako datu, plan eta tresna nagusiak,Udalak informazio energetikoaren atal berri bat gaitu baitu bere webgunean.
Atal berriak informazioa emango du Udalaren Energiaren arloko Jarduketa Planaz, udalaren energia-kontsumoaren inbentarioez eta haien jarraipen-txostenez. Gainera, energia-komunitateen simulagailu bat prestatuko da: horrela, kontsultatzen dutenek hiriko teilatuetan energia sortzeko dagoen gaitasuna jakin ahalko dute.
Simulagailu hori izango da eduki nabarmenetako bat. Berari esker, Bilboko eguzki-mapatik eta energia-sorkuntzari eta -kontsumoari buruzko datu errealetatik abiatuta, teilatu zehatzak hautatu ahal izango dira, eta hainbat kontsumitzaile-tipologia erabili. Gainera, energia banatzeko irizpideak definitzeko aukera emango du, eta, prozesua amaitzean, txosten bat sortuko du adierazle energetiko eta ekonomiko nagusiekin, hala nola lortutako aurrezkia, inbertsioaren itzulkina, diruzaintzaren bilakaera edo baterien erabileraren inpaktua.
Inbentarioa
Udalaren energia-kontsumoaren inbentarioa ere jasotzen du atal berriak, eta informazio zehatza ematen du eraikinei, argiteria publikoari, ibilgailu-flotari eta sorkuntza berriztagarriari buruz. Grafiko eta adierazleen bidez, herritarrek kontsumoen bilakaera kontsulta dezakete, eta Energiaren arloko Jarduketa Planean jasotako joerak ikusi.
Era berean, Energiaren arloko Jarduketa Plana eskura daiteke hemen. Planak udalaren eraikin, argiteria eta ibilgailuen egungo inbentarioa, hasierako energia-diagnostikoa eta udalaren energia-kontsumoen inguruko arintze-neurriak jasotzen ditu, 4/2019 Legean ezarritakoa betez.
Jarraipen-txostena
Azkenik, webguneak 2023ko eta 2024ko Energiaren arloko Jarduketa Planaren jarraipen-txostena jasotzen du. Dokumentu horrek udalaren energia-kontsumoen kontrol iraunkorraren eta indarreko araudiak ezarritako helburuen betetze-mailaren berri ematen du.
Atal berri hau abian jarrita, Bilboko Udalak gardentasunarekin, jasangarritasunarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa indartzen du, herritarrei udal-politika energetikoei buruzko informazio argi eta eguneratua eskuratzeko aukera emanez eta energiaren erabilera efizientean erantzunkidetasuna sustatuz.