Ganbera-musikak protagonismoa hartuko du ostiral honetatik igandera bitartean ospatuko den Musika-Música jaialdiaren 25. edizio honetan. Euskalduna Jauregiko 0D Aretoa izango da genero horren emanaldien egoitza nagusia.
Gune horrek laukoteak eta bikoteak bilduko ditu, eta publikoari ganbera-errepertorioko funtsezko obretara hurbiltzeko aukera emango dio, ohiko kontzertu-formatua zabaltzen duten proposamenekin batera.
Dúo del Valle 0D aretoko oholtzara igoko da, eta Poulencen eta Schuberten obrak eskainiko ditu, lau eskuzko pianorako obrekin; eta Ravelen eta Milhauden lanak, bi pianorako.
Areto honek, halaber, musika, ahotsa eta narrazioa uztartzen dituen proposamen bat hartuko du. Collegium Musicum Madrid taldeak Dowlanden “Canciones a cuatro voces. Semper Dowland, Semper dolens” lanari ahotsa jarriko dio. Programan, gainera, Martín Llade arituko da narratzaile gisa, eta Manuel Minguillón lautean eta zuzendaritzan.
Proposamen horiez gain, 0D Aretoaren programazioa laukote eta bikoteen kontzertuekin osatuko da. Leipzig String Quartet taldeak Haydnen obrak interpretatuko ditu. Philharmonic String Quartet Berlin laukoteak Beethovenen eta Dvořáken partiturak eskainiko ditu. Pavel Haas String Quartet taldeak Schuberten obrak interpretatuko ditu, baita Dvořáken eta Smetanaren piezak ere. Elias String Quartet taldeak Purcellen eta Beethovenen konposizioak joko ditu. Bestalde, MUSIca AlcheMIca taldeak, Lina Tur Bonet biolinean eta zuzendaritzan dela, Fontana, Castello, Falconieri eta Scarlattiren errepertorioa landuko du, besteak beste.
Sarreren salmenta
Musika-Música Jaialdiaren 25. edizio honetako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatilan, webgunean eta Arriaga Antzokiko leihatilan eskuratu daitezke; azken horretan, irekiera-kontzerturako soilik.
Sarreren salneurriak hauek izango dira: Arriaga Antzokia eta Euskalduna Jauregiko Auditoriuma, 15 euro; 0B aretoa, 12 euro; 0D eta 0A aretoak, 9 euro; eta Kiosko, 4 euro.