Síguenos en redes sociales:

Kirola sustatzeko 320.000 euro banatuko ditu Bilboko Udalak

Gehikuntza ekonomiko handiena deialdiaren 1. lerroan gertatu da, klub eta entitateen urteko jarduerari bideratua

Kirola sustatzeko 320.000 euro banatuko ditu Bilboko UdalakB. U.

Bilboko Udalak 320.000 euroko aurrekontua bideratuko du, aurreko ekitaldian baino 15.000 euro gehiago, kirolerako udal-dirulaguntzen 2026ko deialdia martxan jartzeko. Kirolaren arloko klub eta entitateak, banakako kirolariak eta kirol-ekitaldiak dira laguntza-deialdiaren hartzaile nagusiak.

Bilbao Kirolak-en kirolerako udal dirulaguntzetan 5 laguntza-lerro daude. Dagoeneko eska daitezke, Bilbao Kirolak-eko web orriaren bidez. Hor daude eskuragarri deialdiaren oinarriak eta inprimakiak, baita informazio guztia ere.

Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 20an amaituko da 1. lerroaren deialdirako (kluben, entitateen eta federazioen urteko jarduera); 2., 3., 4. eta 5. lerroetarako epea, berriz, urriaren 8ra arte luzatuko da, urte amaierarako programatutako ekitaldi eta jardueretarako laguntzak errazteko.   Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak gogorarazi duenez, "dirulaguntzen programa honen helburua da Bilboko kirol-jarduera bultzatzea eta sustatzea, hiriko kirol-klub eta -entitateen jarduera babestuz eta arreta berezia eskainiz oinarrizko kirolari, eskola-kirolari, emakumeen kirolari eta kirol egokituari".

1. lerroa: 225.000 euro

Honako hauetarako dirulaguntza: federazio-eginkizun soziala garatzea, antolakuntza-irizpide espezifikoak, talde teknikoaren osaera, bidaiak, emakumeen sustapena, desgaitasuna duten pertsonek kirola egitea, parte-hartze izaerako kirol-programak, urte osoko jarduerak 2025ean, eta 2025-2026 denboraldian zehar Bilbao Kirolak-en instalazioak edo instalazio propioak erabiltzen ez dituzten klubak.

2. lerroa: 40.000 euro

Laguntza hau Bilbon egiten diren eta lehiaketa erregularretan sartzen ez diren kirol-ekitaldi puntualetarako da. Ekitaldiek herritar guztien parte-hartzea ahalbidetu behar dute, kirol osasungarria, aisialdikoa eta integratua bultzatu, eta hiria sustatu. Ildo hau, halaber, kirol-arloko prestakuntza-ekitaldi puntualetara bideratuta dago, gehienez ere 8 jardunaldiko iraupenekoak.

3. lerroa: 20.000 euro

Banakako kirolarien eta bikotean entrenatzen eta lehiatzen diren kirolarien jarduera babesteko dirulaguntza. Lerro hau eskuratu ahal izateko, kirolariek banako edo bikoteko lehiaketazko kirola egin behar dute, eta maila desberdinetako kirol-lehiaketetan parte hartu behar dute (nazioarteko maila barne). Dirulaguntza ematerakoan, kirol-proiektua eta 2026an izandako emaitzak baloratuko dira.

4. lerroa: 15.000 euro

Laguntza hau eskola-adineko haurrentzako kirol-egiturak sortzean edo sendotzean oinarritzen da, eta Bilboko udalerrian kirol-erakundeen adingabeentzako jarduerak garatzen dituzten pertsona juridikoei zuzenduta dago (guraso-elkarteak, kirol-klubak, ikastetxeak, eta ikastetxeei lotutako beste edozein entitate mota).

5. lerroa: 20.000 euro

2026an Euskaditik kanpo egiten diren eta Bilboko klubetako kirolarien lehiakortasuna eta prestakuntza hobetzen dituzten Estatuko edo nazioarteko txapelketetara edota lehiaketetara joateko dirulaguntza. Ez da dirulaguntzarik emango Estatutik kanpo egiten diren lehiaketetara joateko.

Bilbao Kirolakek dirulaguntzak@kirolak.bilbao.eus helbide elektronikoa eskaintzen du dirulaguntza hauen deialdiari buruzko edozein zalantza edo kontsulta bidaltzeko.