Bilbo Zinecittà Zine Italiar Zinemaldiaren egoitza izango da berriro
Programazioak zortzi proiekzio, guztiak doakoak, eta hainbat ekitaldi berezi biltzen ditu
Aurreko edizioak izandako harrera bikaina kontuan izanda, BilboZineccità Zine Italiar Zinemaldiaren edizio berriaren egoitza izango da berriro. Datorren astelehenean, otsailaren 23an, hasiko da da, eta hilaren 28ra arte luzatuko da. Esan beharra dago film emanaldi guztiak doakoak izango direla, eta horrez gain zinemagile, artista eta espezialistekin topaketak eta izaera akademiko eta kulturaleko jarduera paraleloak egingo direla.
Euskaditalia- Italiako Kultur Zentro Ofiziala elkarteak antolatuta, Zinebi-Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren lankidetza ere badu. Zinemaldia Bilboko hainbat espaziotan antolatuko da: BBK Aretoan, Bizkaia Aretoan, Guggenheim Bilbao Museoan eta EOI Bilbon, besteak beste.
Zortzigarren edizio honen helburua da zinema arreta kritikoaren, erantzukizunaren eta jarrera hartzearen ekintza gisa aldarrikatzea. Ikuspegi honek programazio osoa hartzen du, hautatutako filmek botereari, lanari, identitateari, historiari eta lurraldeei lotutako gaiak jorratzen baitituzte, zinema analisi politiko, sozial eta kulturalerako tresna bihur daitekeela erakutsiz, indar adierazkorrari eta ikerketa formalari uko egin gabe.
Zinecittàk Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren lankidetza du eta Euskadiko italiar zinema garaikideari eskainitako ekitaldi nagusia da.
2026ko edizioan, Paolo Sorrentinoren "La Grazia" ren erabateko estreinaldia Estatuan nabarmentzen da. Urteko film italiar esperatuenetako bat da, eta Toni Servillo eta Anna Ferzetti ditu protagonista. Film hau da Zinemaldiari amaiera emateko aukeratua, eta Estatuko zinema-aretoetara iritsi baino ia bi hilabete lehenago aurkezten da hemen.
Berrikuntzak
Aurtengo ediziotik aurrera, Zinecittak Italiako eskualde bat ezagutaraziko du. Liguria izango da 2026ko protagonista, zinemaren, lurraldearen, nortasunaren eta itsasoaren kulturaren arteko elkarrizketa aztertzen duen programazioarekin, eta eskualdeko ordezkari instituzionalen parte-hartzearekin.
Gainera, Zinecittà zinemaldiak urte honetatik Aurrera presentzia handiagoa izango du Euskadin, eta Bilboko edizioari urrian Donostian egingo den programazioa gehituko zaio. Ekimen honen helburua da gure lurraldean etengabeko presentzia sendotzea, publiko, espazio eta erakunde berriak inplikatzeko.
Sarrerak
Zinecittà 2026ko proiekzioak eta jarduerak jendearentzat zabalik daude lekua bete arte. Emanaldi indibidualetarako sarrerak aretoetako leihatiletan egongo dira eskuragarri, baita webgune ofizialean adierazitako salmenta-kanaletan eta Zinecittàren profil sozialetan ere. Ekitaldi berezietara, topaketetara eta master classeetara sarrera doakoa edo aldez aurretik izena emanda izan daiteke, jarduera motaren eta espazioen edukieraren arabera.