Martxan da Bilbao, Balioen Hiria sarien edizio berri bat
Epea martxoaren 20an amaituko da, eta proposamenak Udaleko Erregistro Orokorraren bidez aurkeztu ahal izango dira soilik
Hemen da Bilbao, Balioen Hiria - Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa sarietako edizio berri bat. Astearte honetan, otsailaren 17an, irekiko da proposamenak aurkezteko epea, eta martxoaren 20ra arte egongo da zabalik.
Deialdiaren xedea da Bilboren Balioen Agirian jasotako balioak sustatzen dituzten eta auzo, barruti edo hiri mailan gauzatu diren edo gauzatzen ari diren ekimenen aintzatespen publikoa egitea.
Sarietara aurkez daitezkeen erakundeak honako hauek dira: irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateak; Bilboko ikastetxeak; sektore pribatuko enpresak, komertzioak, ostalaritzako establezimenduak, elkargo profesionalak edo antzeko beste batzuk; eta unibertsitateak. Erakunde bakoitzak gehienez 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Hautagaitzak Udalaren Erregistro Orokorraren bitartez aurkeztu beharko dira, egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre.
Baldintza nagusia da proiektu guztiek Bilboren Balioen Agiriak jasotzen dituen 17 balioetako batekin edo batzuekin lotuta egon behar dutela. Are gehiago, sariketara aurkezteko, erakunde eskatzaileak Bilboren Balioen Agiriari atxikita egon beharko du.
Epaimahaiak bereziki baloratuko ditu genero-ikuspegia, belaunaldiartekotasuna, jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa barne hartzen dituzten proiektuak, bai eta helburu berritzailea dutenak eta hiriko gizarte-sarea indartzeko ekarpena egiten dutenak ere.
Hiru sari emango dira, bakoitza 3.300 eurokoa. Entitate batek ezin du jaso sari bat baino gehiago. Ebazpena 2026ko lehen seihilekoan jakinaraziko zaie parte hartzen duten entitateei, eta sariak ekitaldi publiko batean banatuko dira.
Berrikuntzak
Berritasun gisa, edizio honetan, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako "Bilbao, Balioen Hiria – Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa" sarien deialdian parte hartzen du Bilboko Udalak. Ekimen bateratu horren helburua da gazteek Giza Eskubideekin, justizia sozialarekin eta Bilboko Udalaren Balioen Agirian jasotako balioekin duten konpromisoa sustatzea, ikusaraztea eta aitortzea.
Deialdi honen bitartez, giza eskubideen defentsa aktiboan oinarritutako ikus-entzunezko lan bat sarituko da; Bilbon girotutako kontakizun edo istorio orokor bat izan daiteke, edo Bilbon giza eskubideen arloan erreferentea den pertsona edo kolektibo bat. Aurkeztutako ikus-entzunezko narratibak Bilboko Udalaren Balioen Agirian eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako balioetan inspiratu eta haiekin bat etorri beharko du. Era berean, Robert F. Kennedyren ondarea jaso eta ikusarazi behar du, eta balioa eman behar die eskubide zibilen defentsa aktiboari, aukera-berdintasunari, justiziari, giza duintasunari eta herritarrek gizarte zuzen eta demokratikoagoen eraikuntzan duten inplikazioari.
Bi sari emango dira, bata 14 eta 17 urte bitarteko tarterako eta bestea 18 eta 30 urte bitarteko tarterako. Norbanakoen hautagaitzak nahiz taldeenak (gehienez 5 kidekoak) onartuko dira. Hautagaitzak aurkezteko epea bihar, otsailak 17, irekiko da, martxoaren 20ra arte. Fundazioak emango duen tailer batean parte hartzea eta bidaia bat egitea izango da saria.
Sariketa honetan parte hartzeko, Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioaren web-orriaren bidez aurkeztu beharko dira eskabideak.
Bilbao, Balioen Hiria
'Bilbao, Balioen Hiria' saria Bilbao, Balioen Hiria proiektuaren parte da. Ekimen horiBilboko Udalak bultzatzen du, hiri gisa ordezkatzen gaituzten balioak babesteko, zabaltzeko eta garatzeko. Parte-hartze proiektu honek hainbat ekintza integratu ditu, transbertsalki eta lankidetzan, herritarrekin, entitateekin, enpresekin, ikastetxeekin eta mota guztietako erakundeekin lankidetzan, hiru lan-ardatz nagusiren inguruan: hirian balioak sustatzen dituzten ekimenak aintzatestea; balioak udal-jardueren planean integratzea, sailek egiten dituzten ekintzen bidez; eta proiektua eta Balioen Agiria hedatzea, bai toki-mailan, bai nazioartean.
Nahi duen pertsona edo entitate orok bat egin dezake Bilboren Balioen Agiriarekin. Horretarako, nahikoa da inprimaki bat online betetzea, Udalaren webgunean edo Bilbao, Balioen Hiriarenean. Atxikimendu horrek berekin dakar Agirian ezarritako printzipio eta balioekin bat datozen jarrera eta portaerak mantendu, sustatu eta bultzatzeko konpromisoa.